Komunikatuan, ohiko aldarrikapenekin batera, azken urteotan galdutako eros-ahalmena berreskuratu beharra azpimarratu dute; besteak beste, salatu dute “energiaren eta lehengaien monopolioek milaka pertsona bizi-baldintza duinak lortzerik ez izatea" eragiten dutela". Sistema honek gure eskubideak merkantzia bihurtzen ditu eta baliabide naturalak eta planetako bizitza merkantilizatzen ditu etorkizunik gabeko etorkizunera kondenatuz”, esan dute.
Oro har, uste dute ezer gutxi aldatu dela XIX. mendetik hona: “Atzo lan-indarra ustiatzen zutenek eta pertsonen lanarekin sortutako gainbalioaz jabetzen zirenek gaur egun ere hala egiten jarraitzen dute, kontuan hartu gabe ustiapen horrek natura eta bizitza zaintzean eragiten dituen ondorioak, genero-arrakala eta gero eta gizarte-maila zabalagoetako gizarte- bazterketa gero eta handiagoa”.
Gaur egungo egoeraren aurrean, beraz, kalera atera beharra besterik ez dute ikusten, orain arte egin duten moduan: “Bost urte baino gehiago daramatzagu gure herrietako kale eta plazetan etengabe mobilizatzen, horren aurka borrokatzen, osasuna eta zerbitzu soziosanitario publiko eta unibertsalak lortzeko borrokan, eta beharrezkoak bezain agerikoak diren aldarrikapenak lortzeko borrokan”.