Langileen Nazioarteko Eguna

Maiatzaren 1eko mobilizazioa Eibarren

Erredakzioa 2023ko mai. 1a, 10:28

Pankarta Soraluzen, maiatzaren 1eko mobilizaziora dei eginez.

Maiatzaren 1a, Langileen Nazioarteko Eguna, da gaur eta sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herri osoan langileen bizi baldintzak hobetzeko neurriak eskatzeko. Deba eskualdeari dagokionez, 12:00etan LAB sindikatuak deitutako manifestazioa abiatuko da Unzaga plazatik, "Antolatu, borrokatu, egiteko beste mundu bat! Banatuz eraldatu!" lemapean.  

LAB sindikatuak dei egin die eskualdeko langile guztiei Maiatzaren 1ean, gaur, eguerdiko hamabietan, Eibarren egingo duten manifestazioan parte hartzeko. Manifestazioaren ostean ekitaldi politikoa egingo dute plazan. 

Ondoren, 14:30ean, bazkaria egingo dute plazan; eta Garazi eta Amaiur Barrena Urrutikoetxea Arrasateko musikariek zuzeneko emanaldia eskeiniko dute. Amaitzeko, 19:00etan, kontzertuak izango dira Eibarko gaztetxean.

"Aplikatzen ari diren politiken ondorioa"

"Maiatzaren 1ean askotan salatu izan dugu gure lantokietako egoera eta aurten ere egin beharrean gaude. Lantoki asko itxi dituzte, soldatak izugarri murriztu dituzte eta lanorduak eta prekarietateak nabarmen egin dute gora. Baina egoera sozial larria da bereziki kezkatzen gaituena. Euskal Herria eta gure eskualdea emergentzia egoeran daude eta emergentzia egoera hau ez da krisiaren emaitza, krisia aitzakia hartuta aplikatzen ari diren politiken ondorioa baizik", dio sindikatuak, prentsa ohar bidez.