Prentsa ohar bitartez, Patricia Borinaga hautagaiak adierazi du urteotan udal kudeaketan lortutako esperientziak aukera eman diola soraluzetarren “beharrak eta arazoak bertatik bertara ezagutzeko eta lehentasunez egin beharreko jarduerak zeintzuk diren argi” ikusteko.
Gaineratu du alderdi sozialista dela “gobernatzen dakien eta nahi duen” alderdi bat eta “ilusioa” sortu nahi dutela, “ziur” baitaude “posible dela "Soraluze hobe bat, ez ordea herritarrengan itxaropen faltsuak sortzearen kontura, ezta gero bete ezin diren gauzak agintzearen kontura ere, Udalaren mende soilik ez daudelako”.
Beste batzuen inplikazioa
Soraluzeko Udalaren ahalmen ekonomikoan iparra jarrita, hautagai sozialistak azpimarratu du badakitela zeintzuk diren “ahalik eta lasterren bultzatu eta abian jarri” behar dituzten “udal eskumeneko jarduerak” eta zeintzuk diren “udalerriaren garapen ekonomiko eta sozialerako lehentasunezkoak diren proiektuak, beste erakunde publiko batzuen inplikazioa behar dutenak errealitate bihur daitezen”.
Bukatzeko, esan du Soraluzek “begirada aurrerakoia eskatzen” duela, besteak beste, soraluzetarrei eskainiko diena “bizi-proiektu duin bat garatu ahal izatea, sozialagoa, integratzaileagoa, berdinzaleagoa, irisgarriagoa eta ingurumenari dagokionez jasangarriagoa den udalerri batean”.