Maiatzean, EHUko ingurumen saileko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek herrian Merlin proiektua europarra aurkeztu eta presak botatzea proposatu zutenetik proiektuak askotariko iritziak sorrarazi ditu herritarren artean. Publikoki euren iritzia agertu duten herritarrek, esaterako, oso iritzi polarizatuak azaldu dituzte: batzuek Merlin proiektuarekin bat egin duten bezala, beste batzuek presak bere horretan mantentearen alde egin dute, azpimarratuz eraikuntzok tinko babestu beharreko plazentziatarren ondare kultural eta arkitektonikoa direla (azken iritzi honetakoak dira berriki Gure Deba Ibaia izeneko taldean batu diren herritarrak). Ezin ukatu, zenbait herritarrengan gaiak ardura eta kezka piztu duela.
Udal-gobernuak posizionamenturik ez
Bitartean, EAJk eta PSE-EEk osatutako udal gobernuak ez du posizionamendu publikorik azaldu eta Iker Aldazabal alkateak Pil-pileani jakinarazi dionez, oraingoz EAJ barruan “gaia lantzen” jarraituko dute eta ez dute inolako adierazpen publikorik egingo. PSE-EEk, berriz, “adostasuna” lotzearen garrantzia azpimarratu du, “irizpide tenikoak eta ingurugirokoak” lehenestearen alde eginez. EH Bilduk, bere aldetik, Hiru Antolamendurako Plan Orokorrean onartuta dauden irizpideak ezarri ditu eztabaidaren abiapuntu gisa eta udal-gobernuaren "lidergo falta" salatu du.