Tailerretan zer iritzi jaso dituzue?
Leku guztietan bezala badira aldeko eta kontrako iritziak eta azken horiek tailerretako batzuetan nahiko berotu dira. Erreka ezagutu duten moduan gustatzen zaie, batez ere ur geldo hori, eta horren arabera eraikitzen dituzte euren argudioak, eta batzuetan eztabaida zail batera iritsi gara. Guk, adibidez, erakusten diegu presak kentzeak uholdeen arriskua murriztuko duela, baina orduan esaten dute Gipuzkoan badaudela arrisku handiagoa duten lekuak. Bale, baina hemen arriskua sortzen dutenak presa horiek dira… Esango nuke eztabaida nahiko geldirik dagoela momentu honetan.
Zer esango zenieke soraluzetarrei?
Hau Deba ibaiaren hobekuntza ekologikoan emandako urratsen gainean beste bat dela. Orain arte gauza asko egin dira saneamenduarekin, araztegiekin eta abar, eta momentu honetan hasi gara ikusten ibaiak daukan arazo nagusietako bat presak direla. Presek arrainen mugimendu ezintasuna eta hemengo habitat artifizial hau sortzen dute. Orduan, horiek partzialki kentzean, neurri batean hori konponduko dugu. Ekosistemarentzat onuragarria izango da eta gainera jendearentzat ere bai. Batetik, uholde arriskua murriztuko da, bestetik, ur geldo hauetan izaten diren lokatza zikin horiek eta horrekin lotuta dauden usain txarrak desagertuko dira. Orduan, pentsatzen dugu abantaila bat ematen duela, herriak gehiago estimatuko du bere ibaia, errazagoa izango da bertara hurbiltzea, ibai ertzetik paseatzea eta gainera ibai horrek ekartzen dituen arriskuak murriztu egingo dira.
Udalak erabakiko balu presa denak edo presa bat ez botatzea, zer suposatuko luke?
Berez, onena litzateke lau presak botatzea, baina presa bat botatzeak ere badakartza bere onurak. Beraz, gure aldetik behintzat, ikusi nahiko genuke edozein presa botatzen, horrek zein ondorio dakartzan aztertzeko. Gainera, pentsatzen dugu presaren bat botako balitz, seguruenik jendeak galduko liokeela beldurra presak botatzeari. Beste leku batzuetan ere izan da hasieran nahiko kontrako iritzia, baina ikusi dutenean erreka nola geratu den, denbora gutxian jendea hori onartzera iritsi da.
Zein dira epeak?
Merlin proiektuak lau urte ditu gauzatzeko eta lau urte horietan bota nahi ditugu hamar presak. Bueno, nahiko genuke lehen hiru urtetan botatzea, gero ondorioak aztertu behar direlako eta abar. Egutegia ez dago itxita, presak botatzea itxita ez dagoen bezala. Azkenean guk egin dezakeguna da gizarteak onartzen duena. Soraluzekoak botako ez balira, beste leku baten, Deba bailaran bertan, topatuko genituzke beste batzuk botatzeko. Kontua da dagoen dirua presak botatzeko dela eta horren azterketa egiteko, ez beste ezer egiteko. Beraz, batek pentsa lezake hemen “beste gauza bat egitea interesgarriagoa litzateke”, baina hori ez da Merlini eska dakiokeen zerbait. Hori beste nonbaitetik egin beharko litzateke.