Merlin edo Mainstreaming Ecological Restoration Landscape Innovation (Leheneratze ekologikoa eta paisaia berrikuntza) Europar Batasunak finantzatutako ingurumen proiektua da. Proiektuak 22 milioi euroko aurrekontua du, eta Finlandian hasi eta Portugaleraino bitarte, 17 hezegune edota ibai berreskuratzeko ekintzak biltzen ditu bere baitan. Aukeratutako ibai horien artean dago Deba ibaia, eta Merlin proiektuak bertan planteatzen duena da ibilbidean zehar dauden eta dagoeneko erabiltzen ez diren 10 presa botatzea. Lan horiek Europar Batasunak finantzatzen ditu %100ean eta Deba ibaiko egitasmoa kudeatu eta inplementatzeko ardura, berriz, EHUko ingurumen departamentuarena eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena da (EHU ikerketaz arduratzen da eta Aldundia lanen exekuzioaz).
Ekosistemarentzako oztopo
Irailean, EHUko eta Aldundiko ordezkariek Merlin proiektua aurkezteko saioa antolatu zuten eta bertan Arturo Elosegi EHUko katedradunak hartu zuen hitza. Elosegiren esanetan, Europan hezeguneak eta ibaiak dira degradatuen dauden ekosistemak eta isuriekin batera, presak dira kalte eragile nagusiak: "isuri toxikoekin batera, ibaietan eraikitako presak dira ibaiei kalterik gehien eragiten dietenak, batez ere, arrainen eta beste hainbat bizidunen joan-etorri naturala oztopatzen dutelako baita gainerako bizidunena ere. Ibaien arazo nagusienetako bat da zatituta daudela". Europar Batasunaren kalkuluen arabera, Europako ibai eta erreketan milioitik gora presa edo barrera daude; Gipuzkoako ibaietan, berriz, 1.000 inguru. Hain zuzen, Foru Aldundiak abian du 2035era bitartean 228 kentzeko plana eta horietatik 100 kendu dituzte dagoeneko. Deban ibaian, Gatzagatik Soraluzerainoko zatian 205 presa edo oztopo artifizial daude kontabilizatuta.
Elosegik azaldu zuenez, hainbat urtetan, pasabide artifizialak eraikitzea izan da oztopo horiek gainditzeko planteatu izan den irtenbidea baina “ikerketek erakutsi dute eskailera edo pasabide horien efizientzia oso txikia dela, alegia, oso arrain gutxik lortzen dutela horietan barrena mugitzea. Hori dela eta, gaur egun, ibaiak berreskuratzeko aktuazioetan eta arautegietan hartu den irizpide nagusia da erabiltzen ez diren presak eraistea. Erabiltzen direnak ezin dira eraitsi eta horiek hor jarraituko dute baina helburua da ahal denik oztoporik gehienak kentzea”.
Bizidunen mugimendua oztopatzeaz gain, presek bestelako kalteak ere eragiten dituzte ibaien habitatean: "Batetik, ur lasterrak behar dituzten hainbat espezie ez dira ondo moldatzen ur geldoetan, esaterako, amuarrainak, eta bestetik, ubarroiak bezalako hegaztiak ugaldu egiten dira. Gainera presetan lokatza zikina pilatzen da, metanoa sortzen da eta uraren depurazio egokia eragozten du…".
Uholde arriskua
Uholde arriskua ere aipatu zuten: "Ura Agentziak dio Soraluzen uholdeak izateko arriskua bertako presek handitzen dutela. Planak eginak daude eta txostenak dio hori eginez gero mendean bitan gertatzen diren tamainako uholdeak eragotziko direla eta errekak erresilenteagoak izango direla klima aldaketari aurre egiteko".
Bat osorik bota eta hiru partzialki
Merlin proiektuak planteatzen du Soraluzen lau presa eraistea; bat osorik, Zuloagakoa, eta beste hiruak partzialki, Oleagakoa, Malmeronekoa eta Igaratekoa. Partzialki, Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zentroak babestu beharreko ondaretzat izendatu dituelako, batez ere Malmeronekoa eta Igaratekoa. Horiei, presaren erdialdeko zatia bakarrik kenduko liokete, hori ere partzialki, metro beteko altuerara arte.
Malmeroneko presaren aurreikuspena 3Dan. Gipuzkoako Foru Aldundia
Oleagako presaren aurreikuspena 3Dan. GFA
Igarateko presaren aurreikuspena 3Dan. GFA
Otsailera arteko epea
Merlin proiektuak lau urteko epea du egitasmoak gauzatzeko. Deba ibaiko lanak udan abiatu ziren lau presa botata (Mendaro, Altzola, Bergara eta Arrasate). Gainerakoak datozen bi urtetan bota nahi dituzte, laugarren urtea ikerketarako gordeta.
Merlin proiektuaren bultzatzaileek behin eta berriz adierazi dute Soraluzeko lanen gainean, azken berba, udalak izango duela eta ondoren eurak erabaki horren arabera jokatuko dutela. Aldundiko iturriek jakinarazi dutenaren arabera, Udalak otsailera arteko epea izango du erabakia hartzeko.