Sorak Mutriku izango du aurrez aurre zapatuan, Ezoziko futbol zelaian

Ubane Madera Zangitu 2022ko urr. 28a, 09:01

Zapatuan, Sorako eta Mutrikuko futbol taldeen arteko norgehiagoka izango da Ezoziko futbol zelaian. Azken bi partidetan puntu bakarra eskuratu du Sorak, beraz, zapatuko hiru puntuek arnasaldia emango liokete etxeko taldeari. 16:30ean da hitzordua.

Une honetan, sailkapenean hirugarren lekuan dago Sorako nagusien taldea, Zestoarekin 7 puntutara berdinduta. Zapatuan, azken-aurreko dagoen Mutriku hartuko du etxean. 

Orain arte jokatutako lau partidetatik, Sorak bi irabazi egin ditu, bat berdindu eta beste bat galdu. Mutrikuk, berriz, Sorak baino partida bat gehiago du jokatuta eta bakarra irabazi du, hiru galdu eta beste bat berdindu. 

Jubenilak, infantilak eta kadeteak

Sorako gainerako taldeei dagokienez, berriz, oraingo asteburuan, infantilek bakarrik jokatuko dute Ezoziko Futbol Zelaian, haiek ere zapatuan, 10:00etan, Urola kirol elkartearen kontra. 

Osterantzean, jubenilak Tolosara joango dira, zapatuan, 15:30ean dute norgehiagoka; kadeteek Arrasateko Mojategin dute hitzordua, 10:45ean eta azkenik, infantilen bigarren taldeak Aretxabaletan jokatuko du, 13:30ean.

Ikus talde guztien emaitzak eta sailkapena HEMEN KLIKATUTA.