Presen auzia

Nostalgiko baten oharrak

J.F. Aizpuru 'Atxito' 2022ko urr. 22a, 11:00

Malmeroko presaren ingurua joan zen mendearen erdialdera zabaldu zutenean. Iturria: J.F. Aizpuru.

Nostalgiko bezala katalogatuak izan ginen presaren eraispen proiektuaren kontra manifestatu ginenok. Onartzen dut ni nostalgikoa naizela baina hitz hau baliogarri dut tresna bezala aurreko jarrerak aztertu eta gaur egungoekin alderatzeko. Eta horrela,gure herriaren azken berrogitamar urteetako bizitzaren norabidea ikertzeko.

Nire arreta ondorengo mugarrietan oinarrituko dut:

HIRIGINTZA: Eraikin  inportantenetakoak eraistea baimendu dugu: Erregetxea, Plaza Zaharreko etxeak, Kañoi fabrika, labaderoak, etab

BIZTANLEGOA: Lehen 6.000 ginen, gaur egun 4.000.

LANA: Lehen enplegu orokor betea. Langileak inguruko herrietatik etortzen ziren lan egitera. Gaur egun Deba bailarako langabezi maila altuena daukagu.

ENPRESAK: Soraluzeko lantegiak beraien hazkuntza bideratzeko beste leku batzuetara irten behar izan zuten leku bila eta horrela sortu ziren izen handidun enpresak :HERZA, ARIHER, CEVENTOR, SAPA, etab. Eta hazkuntza horretan ahuldu edota desagertu ziren beraien sorrera bideratu zuten tailerrak. Eta neurri baten, herriko industria.

MENDIAK: Berriro ere, diotenez Soraluzeren onurarako, gure mendigainetan hiru makroparke eoliko instalatu nahi dituzten teknikariak etorri dira bisitan. Eta naiz eta herria kontra agertu, asmo horrekin jarraituko dute, ez badugu tinko eusten.

IBAIA: Eta gaur beste teknikari batzuk datozkigu gure presa eraisteko proposatzera. Diotenez, gure herriaren bizitza hobetzeko. Beraien argudioak: uholdeak ekidingo direla, iba-faunaren mogikortasuna erraztuko dela eta metano jarioak desagertuko direla.

Argumentu hoieri erantzun nahi diet.

Uholdeak: Inork ezin du aurreikusi beraien intentsitatea ezta maiztasuna ere. Gertaera erreala da Soraluzen ez dutela gaitz konponezinik eragin urte askoan. Eta presa horiek eraisteak ez du gure segurtasuna bermatuko. Bestalde, uholdeak ekiditzeko lehenbizi ibaiaren bide normaletik trabak kendu  beharko lirateke.

Faunaren mugikortasuna: Gure ibaiko fauna aberatsa zela komentatu dugu. Ikuskizun etengabea zen ibaia gure herrian. Edonon egiten zen arrantzan. Bai Gabolatsen, Gilako zubian, edo Txurrukenen. Eta han ziren presak.

Gaur teknikoek esaten digute presak direla mugikortasuna oztopatzen dutenak. Lehengo esperientziarekin, ez dut uste halakorik gertatuko denik, baina horrela gertatuko balitz, nahikoa litzateke eskalada batzuk jartzea, beste leku batzuetan egin izan duten bezala.

Kutsadura: Berrogeitahamar urte baino gehiagoan gure ibaia inguruko detritus eta hondakin azidoen hondakindegi bilakatu zen, eta horrek ibaiaren hondoa eta lokatzak zikindu ditu. Eta inork ez du ezer egin hori konpontzeko.

Ezagutu dugu Malmeroko presa nola garbitzen zen. Urak husten zituzten eta horrela joaten ziren sedimentuak eta ur azpian zeuden txatarrak etab.

Nahikoa izango litzateke horrelako garbiketa bat egitea, itxuraz hain kezkagarria den presetako kutsadura konpontzeko.

Horrela ez legoke presak eraitsi beharrik eta horixe da etorri diren teknikoen eginbeharra, presek, edozein ur-jausik bezala, ura oxigenatzen dutelako.

Eta amaitzeko. Gure administrazioei proposatzen diet proiektu hauetan inbertitzen ari diren baliabideak, gure herrira zuzentzea, enpresa sendoak sortu eta bailarako herririk txirotuena izatearen “ranking”-etik atera gaitzaten. Eta horretarako bai, da beharrezkoa guztion laguntza.