Presen auzia

Lidergo falta egotzi dio EH Bilduk Udal Gobernuari presak partzialki botatzeko gaiarekin lotuta

Ubane Madera Zangitu 2022ko urr. 7a, 09:47

EH Bilduk kezka helarazi du Soraluzeko presak partzialki botatzeko egitasmoaren aurrean. Eguaztenean egindako osoko bilkuran, Unai Larreategi oposizioko bozeramaleak lidergo falta egotzi zion Udal Gobernuari herriarendako “horren inportantea” den gai honetan. 

Eguaztenean egindako osoko bilkuraren amaieran, presak partzialki botatzeko egitasmoaren aurrean, EH Bilduko Unai Larreategi bozeramaleak jakinarazi zuen “oso kezkatuta” daudela kontu honekin. Larreategik adierazi zuenez, Udalari “arduraz” jokatzea dagokio eta Udal Gobernuari “lidergoa erakustea” dagokio. “Debate honek eskatzen duen inplikazioa eta arduraz jokatzeko jarrerarik ez da ikusten”, esan zuen.

Halaber, salatu zuen “utzikeria” ikusi duela Udal Gobernuaren aldetik, batik bat, martitzenean, gaiari buruz izan zen bilera publikoan udal ordezkaririk ez zela egon ikusita. Oro har, Larreategiren esanetan, udal modura ez dabiltza erremintak jartzen ari eta Udala ez dabil erantzukizunez jokatzen ari herriarendako horren inportantea den gai honetan. Gaineratu zuenez, laster EH Bilduk gaiari buruzko jakinarazpenen bat egingo du. 

Bilera pertsonalak

Oposizioari erantzunez, Iker Aldazabal alkateak esan zuen martitzeneko tailerra herritarrei informatzeko zela eta ez duela horren argi ikusten Udalak han bere iritzia eman beharko zukeen ala ez eta ez duela garbi ikusten martitzeneko tailerra ote zen herritarren iritzia jasotzeko bidea ala beste moduren batera artikulatu beharko litzatekeen herritarren iritzia jasotzea. 

Horrekin batera, alkateak gaineratu zuen, bere aldetik, egin dituela bilera pertsonalak tailerrean izan ziren hainbatekin eta besteak beste, haiei azaldu diela Hiri Antolamendurako Egitamu Orokorrak, “alderdi guztien artean adostutakoak”, gaiari buruz jasotzen duena.