Presen auzia

Presak "partzialki" botatzeko proiektua aurkeztu dute

Egoitz Unamuno 2022ko urr. 6a, 09:49

Martitzenean, EHUko eta Foru Aldundiko ordezkariek Deba ibaia hobetzeko lanak aurkezteko eztabaida-tailerra eskaini zuten Tolarekua aretoan. Bertan, Merlin proiektuaren eta Soraluzeko lau presak botatzeko duten asmoaren berri eman zuten eta ostean, galdera erantzunen tartean, debate bizia piztu zen, presak botatzearen aldeko eta kontrakoen artean. Tailerrera hogeitabosten bat herritar hurreratu ziren. (Ikus aurkezpena osorik bideoan)

Herenegungo tailerrean, presak botatzearen aldeko eta kontrako argudio ugari mahaigaineratu ziren. Merlin proiektuaren bultzatzailek azpimarratu zutenez, presak kentzeak "nabarmen hobetuko du ibaiaren egoera biologikoa", "uholde arriskua ere murriztuko du" eta ibaia egoera "naturalera" bueltatzean "seguruagoa" izango da ibaira joatea, "adibidez umeentzako". Horrekin batera, azpimarratu zuten presak "partzialki" botatzea dela asmoa, ondare kulturala mantetzeko irizpideak jarraituz Jaurlaritzako Kultura Sailak eta bere teknikariek hala ezarri dutelako. 

Herritarrren partetik, aldeko eta kontrako iritziak entzun ziren. Herritar batzuk arrazoizkotzat eta egokitzat jo zuten presak botatzeko proposamena, ohartaraziz proiektua "galdu ezin daitekeen aukera" dela eta kontra daudenei egotziz, presak mantentzearen aldeko jarrera izateko duten motibazio nagusia "nostalgia" dela. Presak mantentzearen alde dauden herritarrek ostera, ohartarazi zuten presak botatzeak herriko hondare historiko eta kulturalean "atzera bueltarik gabeko galera" eragingo lukeela eta azpimarratu nahi izan zuten ibaiko arrainentzako oztopoa ez direla presak, "kutsadura" baizik.

Datozen hilabeteetan Soraluzeko Udalak hartu beharko du presen gaineko erabakia, jakinaraziz presak botatzeko baimenik ematen duen ala ez, horretarako eskumena udalarena baita. Horretarako epe zehatzik ez dago baina kontuan izan behar da Merlin proiektua gauzatzeko epea 2025ean amaituko dela. 

Datozeen asteetan, Plaentxia.eus-ek gaia lantzen jarraituko du, herritarrei informazio landuagoa eta zehatzagoa eskaintzeko ahaleginean.