Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomiko eta Jasangarritasunerako Departamenduak abuztuaren 2an jarri zuen ikusgai Green Capital Development 135 SLU enpresak Karakateko parke eolikoa eraikitzeko aurkeztu duen hasierako ingurumen txostena: 'Ingurumen-inpaktuaren ohiko ebaluazioa Karakateko parke eolikoaren proiektuarena Elgoibarko, Soraluzeko eta Bergarako udalerrietan' (gazteleraz dago). Bertan, enpresak zehazten du bere ikuspuntutik proiektuak zer nolako inpaktua eragingo lukeen ingurumenean eta inpaktu hori minimizatzeko zein neurri hartuko lituzkeen. Enpresaren iritziz, proiektuak ingurumenean izango lukeeen eragina “uztargarria eta moderatua” izango litzateke eta ondorioz, ez du ikusten "arrazoirik proiektua geldiarazteko".
Errepidea Elosutik barrena eta dorre meterologikoa
Green Capitalek orain arte ezagutarazi gabe zituen proiektuaren gaineko hainbat informazio jaso ditu hasireako ingurumen txosten horretan, esaterako, argitu du nola pentsatzen duten garraiatzea zentral eolikoa eraikitzeko pieza erraldoiak: Elosutik garraiatuko lituzkete, horretarako, mendi gainean zehar 5 metro zabal eta 8 kilometro pasatxo lituzkeen errepidea eraikiz, aerosorgailuak ezarriko lituzketen kokalekuraino . Horrekin batera, aurreproiektuan aipatzen ez zuen “dorre meteorologikoa” eraikitzeko asmoa ere aipatzen du; hirugarren dorre horrek 101 metro altu izango lituzke eta txostenean diotenez, berau eraikitzeko "gutxienez" 520 m2-ko plataforma eraiki beharko lukete. Bestalde, txostenak dorre eolikoak muntatzeko erabiltzea aurreikusten duten espazioa ere zehazten du: 3.000 m2.
30 egun ekarpenak aurkezteko
Prozeduraren arabera, proiektuak eraginpean dauden udal administrazioek eta norbanakoek 30 eguneko epea izango dute, txostena aztertu eta egoki irizten dizkioten ekarpenak egiteko. Ondoren enpresak Ingurumen-inpaktuaren behin betiko azterketa aurkeztuko du eta beste epe bat zabalduko da kaltetuek alegazioak aurkez ditzaten. Epe hori amaitu ostean, Eusko Jaurlaritzak erabakiko du inpaktua onargarria den ala ez eta Green Capitalek zentral eolikoa eraikitzeko baimenik izango duen ala ez.
Herrian, dagoeneko Udalak hasi da txostenari egingo dizkion ekarpenak prestatzen eta Karakate Bizirik plataformak, berriz, txostena aztertu du eta datozen egunetan informazioa helaraziko die lurjabeei.