Aurtengo abuztuan, Aldundiak 2024ra bitartean Deba ibaian eraitsi asmo dituen hamar presetatik lau eraitsiko ditu “teknikoki eta sozialki zailtasunik gutxien dutenak” Iñaki Bañares Aldundiko Ingurugiro eta Obra Hidraulikoetarako Departamenduko teknikariak azaldu duenez. Lanok egiteko uda garaia aukeratu dute: “Ibaiak ur gutxiago daramanez, makinak ibaiak sartzean kalte gutxiago eragiten dutelako, errazagoa baita ur emaria bideratzea. Udazkenean ezinezkoa litzateke”.
Gainerako presak datozen bi urteetan bota asmo dituzte: “Alderdi tekniko eta sozialak lantzen dihardugu, presa handiagoak direlako edota ballio historikoa aitortzen zaielako. Arrazoi horrengatik, zenbait presaren kasuan, jarraipen arkeologikoa egingo da eta eraikuntzak ez dira erabat deuseztatuko eta lagako dira osagai batzuk, etorkizunean ere eraikuntza horien testigantza mantendu dadin”.
Soraluzekoak "garrantzitsuenak"
Bañaresen esanetan, Soraluzeko eremuan dauden presak dira “garrantzitsuenak”: “Handiak dira, herrigunean daude eta horiek lanketa handiagoa eskatzen dute teknikoki eta sozialki”. Hala, udazkenean, “aurkezpen sakonago bat” egingo dute Soraluzen, proiektuaren gaineko informazio tekniko eta biologiko zehatzagoa helarazteko Udalari eta herritarrei. Erabakimenari dagokionez, Aldundiko teknikariak azaldu du nola jokatuko duten: “Legez, erabakimen osoa Urak Ur Agentziarena da, baina gainerako kasu guztietan bezala, Soraluzen ere udalaren iritziaren arabera jokatuko dugu”.
Europak finantzatua ehuneko ehunean
Azkenik, Bañaresek gogorazi du lan guzti hauek Europako ibaiak eta hezeguneak biologikoki lehengoratzea helburu duen Merlin proiektuaren baitan dihardutela lan hauek gauzatzen eta Europar Batasunak finantzatzen dituela ehuneko ehunean H2020 programaren bitartez. Horrekin batera, nabarmendu du Merlin proiektuarenpean Europako 17 hezegunetan gauzatuko diren berreskuratze ekintzen emaitzak "ikertu eta aztertu" egingo dituztela, "eskuhartze hauek ingurunean duten eragin eta efikazia maila neurtzeko, arrain kopuruaren bilakaera etab.".