Gazteen Bazkarirako txartelen salmentaren abiada ikusita, biharko bazkarira joan nahi eta txartelik ez duenari komeni zaio ahalik eta lasterren ibiltzea bat erosteko; 6 euro da prezioa.
Osterantzean, Gazteen Bazkariarekin hasiera eman ondoren, egunero izango da zerbait jaietan, gazteek eurek antolatuta.
Herriko artistak
Esan dutenez, galdu ezinezkoak izango dira bihar bertan Polo Opuesto rap bikoteak eta haiekin batera etorriko diren North School Kolektiboko raperoek eskainiko duten kontzertua, 23:00etan zubiko txosnagunean.
Eta galdu ezinezkoa izango da, baita ere, asteleheneko gau-goizaldea. 23:00etan hasita taularatuko dute Caribe Mix, Soraluzeko musikari gazteek -Eibarko koristen laguntzarekin- bertsionatuko dituzten udako kantaz osatutako ikuskizuna. Horren ondoren izango da Sorauzeko gazteekin urteetako lotura duen Fan&Go taldearen saioa eta gaua borobiltzeko B de Bendetta soraluzetarrak jarriko du martxa txosnagunean.
Egitarau osoa ikusgai
Segidako kartelean daude jaietarako antolatutakoak ikusgai.
Lan handia jaiei begira
Galtzagorrixak, Jai Herrikoen Aldeko Gazte Mugimenduak hilabeteak daramatza aurtengo jaiak prestatzeko lanak egiten, jaiak iritsi arte buru-belarri segituko dute lanean eta gero, jaietan ere lanean segituko dute, “denetik pixka bat” egin behar izaten baitute.
Egitarau zabala prestatu duzue aurten ere, egunero dago zerbait txosnagunean. Jendea jabetzen da egiten duzuen lanarekin?
Egiten den lanarekin akaso bai, baina zenbateko lana den ez. Ikusten ez den lan asko dago atzetik.
Zenbat lagun zabiltzate lanean? Eta zenbateko lana izaten da?
Orain, 10 lagun gara. Martxoan hasten gara jaietako zirriborroarekin eta asteak pasa ahala, lana intentsoago bilakatzen da: batzarrak egin, taldeei deitu, txosnetako txandetarako jendea lotu, generoa eskatu…
Jaien aurretik lan egiten duzue baina jaietan ere tokatzen zaizue lan egitea, ezta?
Bai. Jaietan txosnako koordinazio lanak egiten ditugu, edariak-eta zelan dauden kontrolatu, kanpotik datozen taldeko kideei begira harrera-lanak egin, non aparkatu, nora etorri… Sukaldari-lanak ere egiten ditugu, gazte bazkaria eta musikariendako afariak prestatzeko. Hori bai, txosnan lan egiteko, bestelako kuadriletako lagunak ere etortzen dira txandak egitera.
Zuen zereginen artean, zer da egiteko zailena?
Gure aurrekontu txikiarekin bost egunetako egitaraua prestatzea, eta, gaueko txanda batzuk lotzea ere ez da erraza izaten.
Eta politena?
Gure artean oso giro ona dugula eta jende asko ezagutzen duzula, etortzen diren taldeetakoak… eta herriko jendea pozik ikustea, noski.
Aurtengo egitarautik zer nabarmenduko zenukete?
Herriko taldeen ekitaldiak, noski: Caribe Mix (astelehenean) eta Polo Opuesto (barikuan).
Zenbat urte daramatzazue jaiak antolatzen?
Galtzagorrien taldeak urte mordoa, 18-edo. Taldera urtero sartzen da jende berria eta irten ere bai. Adibidez, Markel Barrutiak eta Miren Gallastegik 12 urte daramatzate lan hori egiten.
Urte asko dira. Ikusten duzue erreleborako aukerarik?
Momentuz, ez. 10 lagun gaude; azken jaietan, orain dela hiru urteko jaietan geunden lagun berberak gara.
Zuek zer dela-eta eusten diozue ekimenari?
Gazteontzat gauzak antolatzea beharrezkoa ikusten dugulako eta guk nahi duguna programatzeko aukera ematen digulako.
Lan handia izan arren?
Bai, nekatzen gara, noski, baina gustura egiten dugun zerbait da. Egia da, baita ere, batzuetan bakarrik sentitzen garela eta lehen esandako moduan, batzuetan jendea ardurak hartzeko konbentzitzea ez da izaten hain erraza, baina…gu gustura ibiltzen gara eta gure artean oso giro ona dago. Gainera, zer lirateke jaiak txosna barik eta bertako ekitaldi barik?