“Espero dugu jendea pozik sentitzea egiten dugun lanarekin, horrek motibatzen gaitu”

Ubane Madera Zangitu 2022ko uzt. 15a, 10:34

Katxo eta M-Rek kantuan. Argazkia: Polo Opuesto.

Gaur, barikua, Eibarko Hirurok tabernan, datorren martitzenean, Otxandioko Gaztetxean eta uztailaren 22an, herriko jaietan rap kontzertuak eskainiko ditu Polo Opuesto bikoteak (Martin Recalde, M-Rek eta Mikel Oregi Cacho, Katxo). Soraluzeko kontzertura, North School kolektiboko beste hainbat kide ere etorriko dira.

North School-eko zeintzuk datoz jaietara?
Kolektiboko guztiak, ahal badute. Estilo desberdinetako kontzertua izango da.
Kantu berriak ekarriko dituzue?
Bai, 8 abesti berriz osatutako mixtape bat atera dugu, CDa-n. Horri emango diogu lehenengo ikusgarritasuna.
Mixtape hori Polo Opuestok atera duzue?
Bai. Emeka-rekin pare bat kolaborazio eginda. Barrena Mixtape du izena. Kritika soziala, gure bizipenak, sentimenduak… jasotzen dituzten abestiak ditu. Oraingoz spotify-n eta youtuben dago, baina distribuidora bati eskaria egin diogu fisikoan ere ateratzeko. Ez dakigu jaietarako ailegatuko den, baina espero dugu abuzturako izatea eskura. Nahi dugu tabernetan-eta jarri salgai eta lagunendako-eta. 100 bat ale aterako ditugu, bost euroan. 
Zuen bigarren lana da?
Lehen CDa. Lehenagotik baditugu kantu asko, baina nahi genuen lan serioago bat atera kantu berriekin. Baina abesti berriez aparte, Ina Peñalba soraluzetarrarekin lehenagoko hainbat kantu erremasteurizatu ditugu, ahotsak ukitu ditu, nahasketak egin ditu…
Soraluzeko kontzertura bueltatuz, abesti mitikoak ere eskainiko dituzue?
Bai. Siempre igual eta Lo nuestro, adibidez. Hainbat gertakari berrirengatik, kanta horiek entzutean iruditzen zaigu orain sentimendu gehiago transmititzen dituztela.
Iazko kontzertua herrian egin zenuten debut modukoa izan zen; aurten errepikatu egingo duzue. Beraz, gustura iaz?
Bai. Gustura egon ginen. Dena den, aurten desberdina izango da, gauez izango da kontzertua, jaietan COVID araudirik ez dago, jendea (gazteak eta ez hain gazteak) jaiak lehen ziren moduan izateko deseatzen daude… 
Zuretzat zaila da herrian kantatzea?
Presio pixka bat bada, bai. Gurasoak, euren kuadrila, lagunak txoznan… Dena den, presio pixka bat ondo dator.
Kanpotik espero duzue jendea etortzea?
Bai, Eibartik, Bergaratik, Durangotik…
Zer esango zenieke balizko entzuleei?
Zuzenekoan Polo Opuestok indar handiagoa duela eta publikoarengana ailegatzen da. Ekainaren 30ean, adibidez, Kabiezesera (Santurtzi) joan ginen, hangoek ez gintuzten ezagutzen baina jendeak saltoka, kantaka… bukatu zuen. 
Besterik nahiko zenuke esan?
Disfrutatzera gatozela, beste pertsonekin harremanetan egotera. Momentua disfrutatzera gatoz eta espero dugu aurrean zein atzean dagoen jendea pozik sentitzea egiten dugun lanarekin. Horrek motibatzen gaitu. Gure lana inork ez badu baloratzen, gu ere ez gara motibatzen, aldiz, jendeak gustuko duela ikusten badugu, horrek asko laguntzen digu. 6 urte daramatzagu honetan. Halakoengatik ez balitz ez ginateke erdira ere ailegatuko. Orain serioago ere hartzen dugu, orain entseatu-eta guzti egiten dugu.