Ehun ikusletik gora batu dira gaur goizean San Andresen, Asier eta Iñakiren Omenezko Pilota Txapelketaren XXI. edizioko finala ikustera. Finalaren aurretik hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidua jokatu dute eta honetan, Ibai Kortabarria eta Gorka Ojea nagusitu dira, Eki Elduaieni eta Asier Fernandezi 22 eta 15 irabazi eta gero.
Ostean etorri da finaleko partidua, luzea eta bizia. Parekotasun handia izan da bi bikoteen artean azken tantoetara arte baina azkenengo txanpan Catalanek eta Rasconek tanto erabakigarriak eskuratu ditutze eta hogeitabira iristea lortu dute.
Amaitzeko, Iker Benitok eta Mari Fran Aizpuruk sariak banatu eta txapelak jantzi dizkiete irabazleei eta ohikoa den bezala, txapelketan parte hartu duten pilotari guztiek argazkia atera dute "dispertsioari egurra" lema zeraman pankartarekin. Ondoren, parte hartzaile eta antolatzaileek (31) Arrano elkartean bazkalduko dute elkarrekin.
Antolatzaileak gustura agertu dira aurtengo txapelketak izan duen partehartzearekin (30 pilotari) eta adierazi dute helburuak bete dituztela bai kirol mailan eta baita euskal presoen eskubideen aldeko aldarria entzunarazteari dagokionez ere.
Adierazpena, Udalak murala egiteko baimenik eman ez dielako
Bestalde, gaur, partiduek iraun duten bitartean, antolatzaileek kaleratu berri duten 'Atzerapausoak bizikidetzan' izeneko adierazpenaren kopiak ipini dituzte harmailetan. Bertan, jakinarazi dute Pilota Txapelketak San Andresko frontoiaren atzean mural bat margotzeko baimena eskatu diola Udalari eta Udaleko Bizikidetza Mahaiak, oraingoz, baimenik ez ematea erabaki duela, Udala Aranzadi Zientzia elkartearen laguntzaz lantzen diharduen "oroimenaren aitortzaren lanketa" amaitu arte. Pilota Txapelketako antolakuntzak esan du "harrituta" daudela Udalak emandako erantzunarekin eta ondorengoa adierazi du: "hogeitabat urte daramatzagu memoriaren aitortza modu autonomoan lantzen eta argi dugu gure lanarekin aurrera jarraituko dugula". Horrez gain, "hurrengo urteko txapelketarekin batera murala egiteko asmoa" berretsi dute.