Apirilean, txapelketa hastearekin batera, jakinarazi genuen San Andresko frontoiko frontis atze guztia hartuko lukeen margolan bat egiteko ideia geneukala. Egun askotako langintza bat izango litzateke eta gastu ekonomiko handia suposatuko lioke antolakuntzari. Gauzak horrela, margolanarekin aurrera egiteko, eta egingo lukeen artistak berme egokiak edukitzeko, udalean baimena eskatu genuen. Hona hemen, gure harridurarako, maiatzean jaso genuen erantzuna:
“Hilaren 16an, Bizikidetza lantaldea elkartu zen. Bertan udalerrian ordezkaritza politikoa dugun alderdietako ordezkariak batzartzen gara. Zure eskaera bertan aztertu genuen eta lerro hauen bitartez helarazi nahi dizugu adostu duguna. Aranzadi Zientzia elkartearen eskutik Oroimenaren aitortzaren lanketa burutzen gabiltza udalerri mailan. Momentu honetan prozesuaren hasierako fasean aurkitzen gara, informazioa biltzen.
Lanketa datorren urtean zehar bukatzeko asmoa daukate Aranzadikoek. Aranzadiren lana bukatu ostean oroimen ekitaldi ezberdinak bideratzeko asmoa dago Udal ordezkarien partetik, baina lana bukatu aurretik erabakita daukagu ez egitea oroimen ekitaldirik, pausoak sendo eta adostasunez eman nahi ditugulako.
Kontestu honetan eta egindako eskaeran espazio publikoa erabiltzeko baimena eskatzen diguzuenez gaur gaurkoz ezin dizuegu baimenik eman.
Hori bai, egindako eskaria kontutan izango dugu eta prozesuak aurrera egin ahala joango gara hartutako erabakien berri ematen.”
Udalaren erantzuna ikusita, zalantza daukagu hurrengo urtean txapelketa bera antolatu ahal izango dugun, espazio publiko batean egiten den oroimen ekimen bat izanik. Hogeitabat urte daramatzagu memoriaren aitortza modu autonomoan lantzen eta argi dugu gure lanarekin aurrera jarraituko dugula, instituzioen oroimen ekitaldietatik aparte.
Gogorarazi nahi dugu, Asier ta Iñaki-ren omenezko txapelketak San Andresen duela sorrera, frontoia inauguratu berritan. Pilotan jokatzeko elkartzen zen gazte talde batek, Asier Heriz tarteko, 2001ean “I. San Andres pilota txapelketa” antolatu zuen; hauen helburua, txapelketa herrikoi baten bitartez gazteak pilota giroan batzea zen.
Tamalez, urte bereko irailaren 8an, dispertsio politikaren ondorioz, Avilako espetxera bidean bizia galdu zuten Asierrek berak eta Iñaki Saez-ek. Hurrengo urtetik aurrera, txapelketari izena aldatu zitzaion eta hasierako helburuari beste bi gehitu zitzaizkion; bi gazteen oroimena mantentzea eta dispertsioa amaitzeko aldarria zabaltzea.
2006an, txapelketako partaide batek istripu larria izan zuen Madrilgo Alcala-Meco espetxetik bueltan zetorrela. Istripuaren ondorioz, ezin izan du txapelketan berriro parte hartu.
Hau horrela, hurrengo urteko txapelketarekin batera murala egiteko asmoa berresten dugu.
Amaitzeko, azpimarratu nahi genuke, agintariek eman beharreko lehenengo pauso sendoa, senide eta lagunek bisita bat gehiago egin behar ez izatea dela.
Euskal presoak kalera, orain! Asier ta Iñaki, gogoan zaituztegu!