Presen auzia

“Presek kalte egiten diote ibaiaren osasunari” Miriam Colls (Biologoa)

Egoitz Unamuno 2022ko uzt. 1a, 10:25

Miriam Colls biologoa eta EHUko ikertzailea.

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean dihardute ibaiak berreskuratzeko Merlin egitasmo europarra Deba ibaian inplementatzeko helburuz. Sustatzaile talde horretako kidea da Miriam Colls biologoa. 

Zertan datza Merlin proiektua? 

Europako ibai ekosistemen funtzioak leheneratzeko proiektua da Merlin, Europako Batasunak finantzatutakoa (22 milioi euroko aurrekontua du), eta Europa osoko 44 eragilek parte hartzen dute bertan, tartean EHUko ikertzaileek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Proiektu horren baitan Finlandiatik Israelerainoko 17 puntu aztertuko dira (ibaiak, hezeguneak eta errekak), egoera naturalago batera bueltatzeko. 

Deba ibaiari ere eragiten dio proiektuak. Nola? 

Ibaiak ekosistema adarkatuak dira eta bizidunak sare horretan mugitu behar izaten dira, baina gertatzen dena da ibaiak oso zatituta ditugula. Horregatik, aktiboan ez dauden hamar presa bota nahi dira Deba ibaian, presek ibaiaren konektagarritasuna eta espezieen mugikortasuna zailtzen dutelako. Foru Aldundiko Obra Hidraulikoetako Zuzendaritzak egingo ditu obrak. 

Zer ezaugarritako presei eragiten die zuen proiektuak? 

Gipuzkoa osoan 1.000 bat presa daude eta horietako %70 inguru zaharkituta daude. Deba ibaian bota nahi ditugunak ere ez dira erabiltzen eta hamar dira: Altzolabekoa Elgoibarren, Santanakoa Mendaron, Soraluzeko lau, Bergaran bi eta Arrasaten beste bi (udan botako dituzte Altzolabekoa eta Mendarokoa). Zentral hidroelektrikoei lotutako presak ustiatzeko baimenak urte askorakoak izaten dira normalean eta Soraluzen baduzue halako bat. Hori ez dugu ukituko. Presak duen saltoaren arabera, energia gehiago edo gutxiago sortzen da eta 2-5 metro arteko altuera dutenetan energia oso gutxi sortzen da. Gipuzkoan 50 bat zentral hidroelektriko daude eta denen artean lau haize-errotak beste energia sortzen dute. 

Ibaiak zatituta ditugu. Zer eragiten du horrek? 

Kalterik agerikoena da arrainek ezin dutela ibaian gora egin arrautzak errutera, eta horrek espezie horien desagertzea dakarrela. Baina horrek ekosistema oso batean dauka eragina, arrain horiez gain badirelako beste izaki asko zatiketak kaltetzen dituenak. Era berean, ibaia zatituta egoteak mikroorganismoetan ere badauka eragina. Ibaiek autoarazteko gaitasuna dute, hau da, inpaktuak xurgatzeko gaitasuna dute, eta gaitasun hori oso lotua dago beren osasunari. Eta presek ibaiaren osasunari kalte egiten diote, habitat artifiziala sortuz bertako espezieak kaltetzen dituztelako.  

Nola eragiten dute uholdeetan?

Uholdeen gainean duten eragina presaren tamainari lotuta dago. Presa oso handiek, Urkulu edo Añarbekoa bezalakoek, uholdeak murrizteko gaitasuna dute, ura metatu eta poliki askatu baitezakete. Baina presa txikiek ez dute hori egiten. Kontrakoa: presa horiek uraren maila igo egiten dutenez, uholdeen larritasun handitu egiten dute, zubien zutabeek egiten duten modu berean. Soraluzeko kasua URA agentziak oso sakon ikertu du, eta ereduek erakusten dute Malmero eta Igarateko presak kenduta uholdeen arriskua nabarmen murriztuko litzatekeela.

Zein fasetan dago prozesua?  

Maiatzean, herritarren iritziak jasotzeko tailerrak antolatu genituen, horietako bat Soraluzen. Ekainean, Europako hainbat herrialdetako adituak etorri dira bailarara, Deba ibaia ezagutu eta bertan planteatzen diren aktuazioen inguruan eztabaidatzera. Udazkenean, herritarrak informatzeko saio bat antolatuko dugu Soraluzen eta bertan proiektuaren gaineko xehetasunak emango ditugu. Urak Agentziak ere parte hartuko du. Horren ostean, gainerako udalek bezala, Soraluzekoak ere erabaki beharko du zertarako baimena ematen duen. 2025era arteko epea dugu proiektua gauzatzeko baina kontuan izan behar da lanak udan bakarrik egin daitezkeela.