Zentral eolikoa Karakaten

Karakate babesteko arrazoiak

Ubane Madera Zangitu 2022ko eka. 27a, 17:24

Asteburuan, Karakate Bizirik Plataformako kideak Karakaten eraiki nahi dituzten dorre eolikoen gaineko informazioa herritarrei helarazten ibili dira. Zentral eolikoak eragingo dituen kalteak, halako proiektuen atzetik zeintzuk dauden, Muskiritzu mendilerroaren balioak eta energia lortzeko ereduen gaineko informazioa partekatu dituzte, besteak beste. Bihar, martitzena, plataformaren 19:00etan batzarra izango da, Gaztetxean. Sarrera librea da.

Zentral eolikoaren gaineko panelak ipintzeaz aparte, eskuorriak banatzen ibili dira Karakate Bizirik Plataformako kideak.

Bertan, lau puntu nabarmendu dituzte:

  • Balio handiko lekua izan arren, mendigainak ez duela babes nahikorik erakundeengandik. “Balio geologiko, arkeologiko eta etnografiko handiko mendikatea da; baita natura-gune aberatsa ere eta nekazal jardueretarako, kirolerako eta aisialdirako erabiltzen da. Inguru paregabea izan arren, Karakarten dorre eolikoak ipintzeko asmoa agertu dute berriz”.
  • Nork nahi ditu dorre eolikoak Karakaten? Horri erantzunez, esplikatu dute “EAEn oraindik” ez dagoela “Energia Berriztagarrien Lurralde Plangintzarik. Energia Lobbyak dira makro-zentral eolikoak han eta hemen proposatzen ari direnak”.
  • Ba al dago energia lortzeko beste eredurik? Galdera horri erantzunez, lehenengo eta behin energia kontsumoa gutxitu beharra azpimarratu dute; gaineratu dute ez duela “zentzurik lurra eta energia suntsitzeak energia lortzeko”. Eta gogora ekarri dute badaudela “herritarrak eta ingurumena kontuan hartuz garatzen diren energia berriztagarriak ekoizteko proiektuak”.
  • Azkenik, zenbait pentsamenduren aurrean, adi ibiltzeko gomendioa egin dute. Diotenez, hainbat herritarrek uste dute Udala kontra badago ez dela zentralik egingo; horren aurrean, gogora ekarri dute Eusko Jaurlaritzari dagokiola “baimena eman ala ez erabakitzea”.
  • Beste batzuek, berriz, uste dute nahi badute egingo dutela zentrala. Horren aurrean, Karakate Bizirik Plataformak gogora ekarri du badirela herritarren eta Udalen artean indarrez atzera bota diren proiektu asko, zentzu horretan, azpimarratu dute lehenago ere lortu zela Karakaten eolikoak ipintzeko proiektua geraraztea.
  • Azkenik, beste hainbatek garrantzia kentzen diote proiektuari bakarrik bi errota ipini nahi dituztelako. Horren aurrean, plataformak gogora ekarri du ez direla haize-errota arruntak. Adibide bat jartzearren, diote “hegal bakoitza Untzagako dorrearen luzeera” duela eta beraz, inpaktua ere askoz handiagoa izango dela.

Olanoren bisita

Bestalde, Markel Olano diputatu nagusiak Soraluzera egindako bisitan ere ibili ziren Karakateri buruzko informazioa partekatzen. Helburua zen diputatu nagusiari berari zuzenean ematea, baina, azken orduan iragarritako planina aldatu egin zuten Diputazioko ordezkariek eta Karakate Bizirik Plataformako kideek ezin izan zioten informazioa diputatuari eskura eman. Dena den, hitzordua baliatu zuten herritarrak informatzeko.