Eguaztenean, Soraluzeko Musika Eskolako 4, 5 eta 6 urteko 22 ikaslek taularatuko dute Piknika Inazibarren ipuin musikatua. Nagore Sanzek asmatu du ipuinaren gidoia eta partiturak eta letrak ere berak moldatutakoak dira. Musikari dagokionez, berriz, umeek eurek kantatuko dituzte abestiak, Anabel Henao piano irakaslearen laguntzarekin.
Elkarbizitzaren beharra
Piknika Inazibarren ipuinak honako istorioa kontatuko du: badoa familia bat Inazibar aisialdi-gune berrira piknika egitera, baina familiako umeetako bati nazka ematen diote xomorroek eta noski, Inazibarren xomorroak daude. Familia Inazibarko ur-bazterrean bainatzen dabilen bitartean, xomorroak azaldu eta familiako pikniketik zein inguruko bestelako elikagaietatik jaten ahalegintzen dira. Hori ikusita, nazka-nazka eginda dago umea.
Baina orduan, basozain bat azaltzen da eta hark esplikatzen die xomorroak eta ikusten ari diren guztia Naturaren parte dela eta beharrezkoa dela pertsonen eta Naturaren arteko bizikidetza. Horren garrantziaz jabetzen da familia eta bukatzen dute xomorroekin pastela partekatzen.