Logo eta web orria estreinatu ditu musika eskolak

Soraluzeko Musika Eskola 2022ko mai. 27a, 19:01

Soraluzeko Musika Eskolak web orria estreinatu du: www.soraluzekomusikaeskola.eus. Haren bitartez, musika eskolaren beraren zein eskolaren jardunaren berri zuzenean eman nahi zaie herritarrei. Horrekin batera, eskolak logoa ere berritu du, Pablo Galarraga marrazkilariaren eskutik. 

Logoari dagokionez, Pablo Galarraga soraluzetarrak sortu du, Marras barraskiloaren iruditik eta klabe de sol-aren iruditik abiatuta. “Oinarria lehengo logotipoa izan da. Hark ere bazituen barraskiloa eta klabe de sol”, esplikatu du marrazkilariak. 

Web orria

Web orriari dagokionez, berriz, honakoa da helbidea: www.soraluzekomusikaeskola.eus. Bertan, batetik, musika eskolari buruzko informazio orokorra eskaintzen da: ikasgaiak, irakasleak,  egutegia, izen-ematea eta beste.

Horrekin batera, albistez zein bideoz elikatuta dago Soraluzeko Musika Eskolaren web orri berria berria, eskolak berak eta eskola osatzen duten ikasle-irakasleek egiten dituzten ekintza ugarien erakusleiho izango dena. “Gure helburua da musika eskola herritarrengandik eta herritik ahalik eta gertuen egotea eta uste dugu web orria bide horretan lagungarri izan daitekeela. Pil-pilean herri-komunikabidean landu dute eta haiekin batera egingo dugu musika eskolaren komunikazioa, besteak beste, Pil-pilean ere herrikoa delako”, esan du Domentx Uzin Soraluzeko Musika Eskolako zuzendariak.