Arabako Mendiak Aske ekimeneko Valen Arteagak ingurumenarendako sortzen ari diren mehatxu berriak eta haien inpaktuak mahai-gaineratu zituen, batzuk aipatzearren:
- Karakaten eraiki nahi dutena moduko ZENTRAL EOLIKOEN ONDORIOAK:
Mendien industrializazioa.
Errepideak: aurreikusten da 12 metro zabalerako pistak egingo dituztela palak igotzeko.
Goi edo ertain tentsioko linea berriak eta horrek inguruan eragiten duen deforestazioa.
Arazo geologikoak.
Akuiferoei kalteak: orain arteko dorreetan ikusi da haien %80ak olio isuriak dituztela.
Aldaketak haizean eta eguratsean.
Hegaztiendako hesi bilakatu eta batzuk akabatu egiten dira.
Inpaktu akustikoa: gauzatutako zentral batzuetatik gertu dauden udalerriak eremu gorrian daude inpaktu akustiko altuengatik, baina inpaktu hori neurtzen dute zentrala eraiki ondoren eta ordurako ya ez dute konponbiderik ipintzen.
Argien inpaktua: eguzkiarekin palek sortzen duten gerizpea herritarrenganaino ailegatzen da (diskoteka efektua) eta tximistekin, berriz, gorri koloreko argiak izaten dituzte.
Aerosorgailuen palek 20-30 urteko biziraupena dute, erretxina izaten dute eta ez dira birziklagarriak, 2021-2025 artean 145 tona pala aldatu behar dira Euskal Herrian. AEBtan palen zabortegi erraldoietara bideratzen dituzte.
Betiko enpresa handiak: zentral eolikoen eta bestelako berriztagarrien atzetik betiko enpresa handiak daude, mozkinak lortu besterik nahi ez dutenak: Iberdrola, Acciona, Gas Natural, Repsol… Energia oinarrizko eskubide izan beharrean irabazi ekonomikoak lortzeko erreminta bilakatu da.
PTS-a: oraindik ez dago eolikoen inplantazioa arautzeko PTSrik. 2024ra arte ez dute aterako. Baina PTSaren aurreproiektuaren arabera, EAEn eraiki nahi dituzten zentral eoliko guztiak kontuan hartuta, EAEko edozein puntutatik ikusiko genuke eoliko bat.
Gezurretako lan eskaintza: zentral eolikoen bueltan lan aukerak daudela aurkezten dituzte. Arteagak azpimarratu zuen gezurra direla. Oso denbora gutxian eraikitzen dituztela beraz, sortzen dituzten lanpostuak berehala galtzen direla.
Burbuila energetikoa: Nafarroan, adibidez, sortzen dute behar dutena baino bastante energia gehiago. (Eta beste)
- BESTELAKO MEHATXUAK: eukaliptoak, fotovoltaikoak (teilatuetan ipini barik, landa-lurretan ipintzen ari dira, batik bat, Araban; han, adibidez badago 50 hektareako bat, EAEko handiena); AHT; energia-iturri berriek ez dituzte lehenago zeudenak ordezkatzen; Europatik 140 milioi euroko funtsak datoz, enpresa handiak horiek nola lortu dabiltza; Tapia legea Udalen eskumenen gainetik dagoenez, Jaurlaritzak proiektu bat interes orokorrekoa dela uste badu, nahiz eta tokian tokiko udala eta herria kontra egon, gauzatu egingo da proiektua.
Autokontsumoa eta energia komunitateak
Arabako Mendiak Askeko Valen Arteagak azaldutakoaren ondoren, energiaren kontsumoa, energiaren sorrera, kooperatiba energetikoak eta bestelakoak izan zituen hizpide Goiener kooperatibako Oier Etxebarria aretxabaletarrak.
Helarazitako datuen artean, jakinarazi zuen EAEn behar dugun energiaren %95a kanpotik datorrela; gaur egun energia berriztagarria ez den beste guztia fosila dela eta horrek ingurumenean eragina duela; geroago eta jende gehiagok sufritzen duela pobrezia energetikoa eta oro har, enpresa energetiko handiek irabazi ekonomikoak besterik ez dituztela nahi.
Kontsumoa jaitsi beharra
Energiaren kontsumoarekin lotuta, berriz, azpimarratu zuen energia lortzeko edozein gailu ipini baino lehen, norberak erabiltzen duen energiaren kontsumoa jaitsi egin behar dela eta horretarako askok uste baino marjina handiagoa dagoela: “Askoz ere merkeagoa da hozkailua aldatzea plakak ipintzea baino. Edo garbigailua 40 gradutan ipini beharrean 30 gradutan edo hotzean erabiltzea. Etxeak isolatzea. Etxeko leihoak aldatzea…”
Autokontsumo energetikoari buruz, berriz, halako sistemen aukerak eta abantailak azpimarratu zituen Etxebarriak: energia sortzen den leku berean kontsumitzen da, garraio gastuak saihestuz; faktura energetikoan aurrezpena dakar; dirulaguntza handiak daude halako ekimenak bultzatzeko…
Azkenik, besteak beste, energia komunitateei buruz egin zuen berba Goiener kooperatibako kideak. Oro har, halakoen onurak azaldu zituen. Esplikatu zuen halako komunitateak daudela osatuta herritarrez eta erakunde publikoz zein pribatuz. Pobrezia energetikoan bizi direnak ere parte izan ahal direla (beste sistema batzuetan ez bezala). Halakoen eskutik energia berriztagarriekin zerikusia duten jarduerak bultzatzen direla. Ingurumenarendako onak direla eta besteak beste, tokian tokiko ekonomiarendako onurak dakartela, lanpostuak sortzen baitituzte.
Jakinarazi zuen, Goienerren eskutik Euskal Herriko bi udalerritan sortu dituztela energia komunitateak eta beste 14tan prozesua abiatuta dagoela. Herri batzuk aipatze aldera: Getarian, Leitzan, Bergaran, Zestoan… ari dira halakoekin lanean.
Hitzaldiak amaitu ondoren, bertaratutakoen galderei erantzuten jardun zuten bi hizlariek.