Bi hilabete eta erdi pasatu dira Green Capital enpresak (Capital Energy konpainia) Karakaten zentral eolikoa ipintzeko egitasmoa aurkeztu zuenetik Soraluzeko Udalean. Otsailaren 14an izan zen hori. Orduz geroztik, Florentino Perezen suhiaren konpainiak proiektua gauzatzeko baimen eskaera bideratu du eta lehiakideak aurkeztu ahal izateko prozedura legalak ezartzen duen epea ere igaro da. Oraingoz, buletinean ez dute jakinarazi proiektura beste enpresarik aurkeztu denik. Pil-pileanek prozeduraren egoeraren inguruan galdetu du Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolaketarako Gipuzkoako ordezkaritzan, baina han ez dute horren inguruko xehetasunik eman.
Beste enpresarik aurkeztu ez balitz, orain, Green Capitalek sei hilabete izango lituzke mendigainean eraiki nahi duen zentralaren gaineko exekuzio proiektua aurkezteko. Proiektuarekin batera, enpresak zentral eolikoa eraikitzeak ingurumenean eragingo lukeen inpaktuaren gaineko txostena ere aurkeztu beharko luke eta ondoren, proiektua publiko egin ostean, Udalak edo beste edozein entitate edo norbanakok proiektuari alegazioak aurkeztu ahal izateko epea zabalduko litzateke. Udalak, bere aldetik, dagoeneko jakinarazi du proiektuari alegazioak aurkezteko asmoa duela. Azkenik, alegazioak aurkeztu ostean, enpresak epe bat izango du balizko alegazioei erantzuteko. Alegazioak eta erantzunak aztertu eta gero, Jaurlaritzak behin betiko erabakia edo ebazpena hartuko luke.
Aurreproiektuaren ezaugarriak
Green Capitalen aurreproiektuaren arabera, bi aerosorgailu eoliko ezarriko lituzkete Karakatetik Gizaburuagara bitartean, Akilarren bata eta Pagomuneta eta Gizaburuaga bitartean bestea, kilometro karratu erdiko eremuan (50 hektarea).
Dorre bakoitza 101 metro altu izango litzateke eta barruan, eskailerak, igogailua eta plataformak izango lituzke. Hegal bakoitza, berriz, 77 metro luze izango litzateke. Beraz, hegal eta guzti, aerosorgailu bakoitzak 180 metro inguruko garaiera izango luke. Konparazio batera, dorreak Soraluzeko elizdorrearen garaieraren halako lau neurtuko luke eta Bilboko Iberdrola dorreak beste (165 metro ditu hark).
Dorreen oinarriek, berriz, 26 metroko diametroa izango lukete (konparazio bat egite aldera, Zubi Nagusiak duenaren bestekoa) eta hiru metroko sakonera, lurpean. Potentziari dagokionez, aerosorgailu bakoitzak, bataz beste 4.800 kw-eko potentzia sortuko luke.
Aurreproiektuan zehazten dutenez, zentralak sortzen duen energia Elgoibarko azpiestazio elektrikora eroango lukete, Azkueko zentralera (jabea Iberdrola da), handik sare orokorrera konektatzeko. Energia, lurpean sartutako kableen bitartez bideratuko lukete Elgoibarko azpiestaziora, 4,79 kilometroko ibilbidean zehar. Proiektuak, guztira, 10.762.915 euroko aurrekontua izango luke.
Materiala jasotzeko errepideak
Dorreak elkarren artean komunikatzeko eta zentral eolikora ailegatu ahal izateko mendigainean egokitu beharreko bideaz gain, zentrala eraikitzeko pieza erraldoiak eta materialak mendigaineraino jaso ahal izateko bidea ere eraiki beharko lukete. Green Capital Power enpresaren aurreproiektuak, ordea, ez du zehazten hori nondik eta nola egingo lukeen.
Aurreproiektuak zehazten duena da errepideek zein baldintza bete beharko lituzketen: errepideak, gutxienez, 4,5 metro zabal izan beharko lituzke; errepidearen gehienezko penditzak ezingo luke izan %15ekoa baino handiagoa eta errebueltek, gutxienez, 60 metroko radioa izan behar lukete. Aurreproiektuak dioenaren arabera, "ahal den neurrian" dagoeneko eraikita dauden "zoruak, suebakiak" eta abarrak erabiliko lituzkete. Baina horrekin batera, aipatzen du "instalazioak" egokitu beharko direla: "lehendik dauden bideak, egokitu beharreko bideak, eraikuntza berriko bideak eta erosorgailuen zimentazioa".
Zentrala eraikitzeko epeei dagokienez, berriz, aurreproiektuan jasotzen denez, eraikuntza lanak "obra berplanteatu" eta bost hilabeteren buruan amaituko lituzkete.
Kontrako iritziak eta mozioa
Karakaten zentral eolikoa eraikitzeko asmoak hasieratik eragin du kezka herritarren artean, baita Soraluzeko Udalean eta herriko hainbat elkartetan ere.
Baso Biziak Elkartea izan zen proiektuaren aurka bere iritzia publiko egin zuen lehen eragilea eta ostean iritsi zen SoraluzekoUdalaren mozioa, proiektuaren kontra zegoela jakinaraziz. Martxoko osoko bilkuran, udalbatzak aho batez onartu zuen Mendigainean eolikorik ez! izeneko mozioa, EH Bilduko, EAJko eta PSE-EEko udal ordezkarien babesarekin. Mozioan, Udalak adierazi zuen energia berriztagarrien alde dagoela eta gaineratu zuen "jakitun" dela halakoak jartzeko "ingurumen kalteak ekiditea saihestezina" izango dela. Halabaina, "larrialdi klimatikoaren aurrean eman beharreko pausoak planifikatzeko orduan", gizartearen eta instituzioen arteko elkarlana eskatu zuen. Horrez gain, "konpromiso sendoa" agertu zuen "Muskiritzuko mendilerroak dituen kultur, natur, aisialdi, ondare geologiko eta biologikoak balorean jartzen eta horretarako Dolmenen Ibilbidea bezala ezagutzen den proiektua sustatzen eta bultzatzen jarraitzeko" eta alegazio-epean proiektuari alegazioak aurkezteko asmoa iragarri zuen. Gainera, Udalak mozio horretan bertan egindako deialdiari erantzunez, martxoaren 18an dozenaka herritar batu ziren Plaza Berrian, Mendigainean eolikorik ez! zioen pankartaren atzean.
Soraluzekoak ez bezala, Elgoibarko Udalak oraingoz ez du proiektuarekiko iritzirik eman. Pil-pileanek galdetuta, Elgoibarko Udalak adierazi du bertan oraindik inork ez duela ezer aurkeztu, eta, ondorioz, ofizialki ez duela ezer esateko. Hala ere, jakinarazi du proiektuak herrian sortu duen kezka dela eta, gaia arretaz jarraitzen diharduela eta gaineratu du Dolmenen Ibilbidea babestea Udalaren lehentasunen artean dagoen moduan, energia berriztagarrien alorrean pausoak ematea ere badagoela.
Herritarren plataformak
Proiektuak herritar askoren artean eragin duen kezka eta kontrakotasunari erantzunez, Soraluzen eta Elgoibarren herritarrek Karakate Bizirik plataformak sortu dituzte bi herriotan, "Karakateko ingurua babestu eta proiektua geraraztea" helburu dutenak.
Hala, bi plataformek lehentasun modura ezarri dute Karakateko proiektuaren inguruko informazioa zabaldu eta honek sor ditzakeen kalteen berri ematea. Ildo horiek landuz, maiatzean antolatuko dituzte lehen ekintza publikoak. Batetik, maiatzaren 4an Elgoibarren eta maiatzaren 11n Soraluzen energia berriztagarrien gaiaren gaineko hitzaldiak eskainiko dituzte. Zein dira horrelako zentral eolikoek sortzen dituzten arazoak? Badago ordezko alternatibarik? izenburupean, GoieEner kooperatibako Oier Etxebarria eta Lorea Astigarraga kideek eta Arabako Mendiak Aske mugimenduko Iñigo Lezeak gaiari buruzko informazioa emango dute. Bestalde, maiatzaren 8an bi plataformek mendi martxa egingo dute Karakatera eta han, eguerdiko 12:30ean, zentral eolikoaren inguruko informazioa jasotzen duten hiru taula instalatuko dituzte.
Karakate Bizirik plataformaren arabera, instalazio eolikoek hainbat kalte eragingo lituzkete inguruan; “naturgunearen industrializazioa (tamaina handiko makinariarengatik eta bide eta instalazio erraldoiengatik), biodibertsitatearen galera (hegalak jota hegazti planeatzaileak eta saguzaharrak hiltzen dira), aerosorgailuetan erabiltzen diren olioen isurketek sare hidrologikoa kaltetzeko eta suteak sortzeko arriskua handitzen dute, ondare arkeologikoa eta geologikoa dagoen gune bat suntsituko da eta inpaktu paisajistiko eta akustiko izugarria eragingo du”.
Eremuaren balioa vs babesa
Capital Energyk aerosorgailuak eraikitzeko aukeratu duen eremuak, Karakatetik Gizaburuagako tumulora bitarteko lursailak (kilometro bat pasatxo), aitortua du bere balio geologikoa (LIG-41) eta naturalistikoa, eta bi arlo horietan interes bereziko gune izendatua dago, baina aldi berean salbuetsita dago praktikan lursail horri babes maila handiena ziurtatzen dion Plazentzia-Elosua Estazio Megalitikoaren izendapenetik. Horregatik, gaur-gaurkoz, Jaurlaritzak eremu hori dorre eolikoak eraikitzeko gune potentzial moduan izendatzen du 1997tik indarrean den Lurralde Plangintza Sektorialean (2019an, Legebiltzarrak eguneratzeko eskatu zion Jaurlaritzari).
Tumuluak eta Erromatarren aztarnak
Martxoan Aranzadik historiaurreko bi hilobi topatu ditu Karakateko tontorretik gertu, hain justu, maila handieneko babesik gabe dagoen eremun: ‘Gortazar’ eta ‘Otsoaldasoro’ izeneko tumuluak. Ildo horretan, Aranzadik aurkitutako momumentuen gaineko inbentario zehatza osatzen dihardu eta ofizialki erregistratuko ditu gaur arte Plazentzia-Elosua estazio megalitikoan aurkitu diren 19 monumentuekin batera. Soraluzeko Udalak bere aldetik prozedura abiatu du bi monumentu horiek eta Erromatarren kanpamenduaren eremua babestutako ondare gisa izendatzeko herriko ondareen katalogoan. 1998an, Kultura Sailak emandako izendapen hori izan zen mendilerroan zehar 20 dorre eraiki asmo zituen proiektua gerarazteko arrazoi ofiziala. Ikusteko dago, orain, aurkikuntza berri hauen ondorioz, Eusko Jaurlaritzak estazio megalitikoaren eremua Karakateraino hedatu eta inguru osoa babestuko duen.