Banka publikoa sortzea eta bestelako aldarrikapenak jasotzen zituen mozioa onartuta

Ubane Madera Zangitu 2022ko mar. 31a, 11:00
Pentsiodunen mugimenduko ordezkariak.

Atzoko osoko bilkuran, gai zerrendako puntu guztiak onartu egin zituzten udal ordezkariek, pentsiodunen mugimenduak aurkeztutako mozioa tarteko. Azken hori EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin eta PSE-EEren abstentzioarekin onartu zen. Haren bitartez, besteak beste, entitate finantzarioei eskatuko zaie arreta bermatzeko leihatila jar dezatela, itxarongela egokitu, adinduei komisio bako zordunketa-txartelak ematea eta bereiz ditzatela funtzio publikoak zein pribatuak. Horrez aparte, banka publikoa sortzeko eskaria ere onartu da mozioaren bitartez.

Mozioan, banketxeei zein aurrezki kutxei zuzendutako honako eskaerak egitea onartu zen:

 • Leihatila: Soraluzeko Udalaren Osoko Bilkurak leihatila bat irekitzeko eskatu die Soraluzen dauden banketxe guztiei. Leihatila horretan, herritar guztiei, eta 65 urtetik gorakoei lehentasunez, aurrez aurreko zerbitzua bermatuko zaie lanaldi osoan.
 • Itxarongela: Soraluzeko udal-mugartean dauden banketxe guztiei eskatzen die lokaletara sartzeko murrizketak dauden bitartean eta/edo pertsonen arteko urruntze-neurriak gorde behar diren bitartean; neurri horiek eta beharrezkoa den beste edozein bete behar direnean, entitatearen sukurtsal bakoitzean ahalik eta edukiera handieneko itxarongela bat gaitzea, hori materialki egingarria denean, edo bestela beste neurri batzuk hartzea, kalean eguraldiaren aire zabalean bezeroen ilarak sortzea saihesteko. 

 • Burokrazia arintzea: azaroaren 24ko 19/2017 Errege Dekretuan, otsailaren 28ko ECE/228/2019 Aginduan eta martxoaren 22ko 164/2019 Errege Dekretuan xedatutakoa betez – oinarrizko ordainketa-kontuak arautzen dituztenak –, 1. mailan, hileko komisioa ordainduta, eta doakotasunekoa 2. mailan, urrakortasun-egoera kolektiborako eta hedapenerako aukera zabala egin dezatela, eta sinplifikatzea aurkeztu beharrekoa dokumentazioa kontu horiek eskatzen dituenari. 
 • Doako txartelak: 65 urtetik gorako pertsonei, hala eskatzen badute, doako zordunketa-txartelak ematea, inolako komisiorik gabe, erabilera-mugen inolako ordainketarik gabe, saldo jakinaren eskakizunik gabe, erabiltzeko gutxieneko zenbatekorik gabe, edo antzeko produktuak eduki gabe. 

 • Funtzioak bereizi: Soraluzeko Udalaren Osoko Bilkurak Espainiako Bankuari eskatzen dio bankuen funtzio pribatu eta publikoak argi eta garbi bereizteko eta azken horien kasuan doakotasuna ezartzeko edo, bestela, gutxieneko komisio bat ezartzeko.
 • BANKA PUBLIKOA osa dezatela eskatzen die Soraluzeko Udalaren Osoko Bilkurak Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioari (Ekonomiako eta Enpresari Laguntzeko Estatu Idazkaritza), bai eta Espainiako Bankuari eta euskal instituzioei ere, Banka Pribatuarekin bateragarria izan dadin, Bankaren berezko funtzio publikoak betez eta pertsona fisikoentzako sarbidekoak izanik, honako printzipio hau bete dezaten: 

 
Saldorik handiena duenari gehiago kobratzea, eta ordainagirien eta gainerako ordainbide- eta kobrantza-bideen kudeaketaren eta beste prestazio batzuen kostua kobratzea, batez ere zerbitzu hori gehienbat baliatzen duten pertsona fisiko edo juridikoei. 

PSE-EEren abstentzioa

Mozioa EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin eta PSE-EEren abstentzioarekin onartu zen. Boto azalpenean, Patricia Borinaga zinegotziak esplikatu zuen mozioko puntu batzuekin eta azaldutako arrazoiekin ados dagoela, baina beste batzuk udal eskumenetatik harago doazela eta haien debatea ez dagokiola Soraluzeko Udalari.

Horrekin batera, gaineratu zuen, alderdi sozialistako ordezkari den aldetik, berari tokatzen zaiola Espainiako Gobernuak gai honetan eman dituen pausoak eta hartutako erabakiak balioan jartzea. “Mozioa ikusita, badirudi ez dela egin ezer eta hori ez da horrela. Adibidez otsailaren 21ean Soy mayor pero no idiota kanpainatik abiatuta, hitzarmena sinatu zuen Espainiako Gobernuak hainbat entitate finantzariorekin eta haien funtzionamenduarekin lotutako dekalogoa onartu zen, tartean, arreta handitzea". -Dekalogoa hemen klikatuta ikusgai-

Borinagak gaineratu zuen entitateek sei hilabete dituztela onartutako dekalogoa aplikatzen hasteko. Gogora ekarri zuen gaiarekin lotutako beste neurri batzuk ere onartu dituela Espainiako Gobernuak, adibidez, adostutakoa betetzen dutela ziurtatzeko kontrol sistema, entitate finantzarioen bezeroen defentsarako autoritate legea aurre-proiektua eta beste. Eta horrez aparte, besteak beste, esan zuen Kongresuan zabalik dagoela gaiari buruzko debatea.

Pentsiodunen mugimendukoak konforme ez

Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduko lau lagun izan ziren osoko bilkuren aretoan. Haiek azalpen gehiago eskatu zizkioten zinegotzi sozialistari, bozketako abstentzioa justifikatzeko. Besteak beste, esan zioten ez zituela gauzak argi azaldu eta esan zioten zenbait gairen gaineko eskumenak Udalak izan ez arren, udal zinegotziak herritarren ordezkariak direlako jo dutela eurengana, "bestela zer, gobernuaren aurrera joan behar gara?", galdetu zuten. Oro har, ez ziren konforme geratu ordezkari sozialistak emandako azalpenekin.