22. Korrika 'Hitzekin'

Dena gertu Korrika egiteko

Egoitz Unamuno 2022ko mar. 31a, 09:50

2019ko Korrika. Argazkia: Fernan Oregi.

Soraluzeko ibilbidea zehaztuta eta kilometro zati bakoitzean lekukoa eroango duen taldearen ordezkariak izendatuta, dena gertu dago bihar goizean Korrikari ongi etorria emateko. Eguerdian, 12:30ean, AEK-k ekitaldi laburra egingo du Plaza Zaharrean euskara ikasleekin batera, eta arratsaldean umeendako aurreikusita zeuden ekimen nagusiak, berriz, apirilaren 8ra atzeratu dituzte euriagatik.

Atzo eta gaur, lekukoa eroango duten 24 taldeetako ordezkariak Korrikako petoak jasotzen dihardute euskaltegian eta honenbestez, dena gertu dago Soraluze ere hizkuntzaren aldeko lasterketa erraldoira batzeko. Bihar goizean, 10:55 aldera helduko da Korrika Maltzagara eta aurreikusita dago 11:20 alderako herriaren erdialdean pasatuko dela Gabolatsen, Kalebarrenen eta Santa Anan barrena Bergararuntz.

12:30ean, ekitaldia

Bestalde, lasterketa pasatu ostean, 12:30ean, AEK-k ekitaldi laburra egingo du Plaza Zaharreko karpan. Lehenik, Musika Eskolako abesbatza txikiak Euskal Herrian euskaraz kantua kantatuko du eta ostean, euskaltegian euskaraz ikasten diharduten hiru ikaslek eta irakasleak hartuko dute hitza, Korrikaren kantua errezitatu eta herritarrei mezua zabaltzeko. Amaitzeko, Plazentzia Kantuan taldeak kantu bat kantatu eta kantu jira abiatuko du bertatik.  

Astebete atzeratu dituzte umeendako ekitaldiak 

Euria eta hotza daude iragarrita biharko eta hori ikusita, Korrika Kulturalaren antolatzaileek erabaki dute umeendako iragarrita zeuden kaleko ekitaldiak; Korrika Txikia, Piratak kalejira eta buruhandiak, astebete beranduago egitea, apirilaren 8an, arratsaldez. Gainera, egun horretan, Dupla taldeak kontzertua eskainiko du karpan, iluntzeko 19:00etatik aurrera.  

Hortaz, bihar arratsaldean, Korrika Kulturalean iragarrita zeuden bi ekitaldi egingo dira: pilota eskolako partiduak 17:00etan, eta Bertso Tripafesta beganoa 21:00etan. Azken ekimen honetarako sarrerak Iratxo Goxodendan eskura litezke.