Zentral eolikoa Karakaten

'Mendigainean eolikorik ez!' mozioa aho batez onartu da

Ubane Madera Zangitu 2022ko mar. 3a, 10:11

Mozioa aho batez onartu zuen udalbatzak.

Atzo, eguaztena, udalbatzak aho batez onartu zuen Muskiritzuko mendilerroan bi haize errota ipintzearen kontrako mozioa, Mendigainean eolikorik ez! izenburu argiarekin. Mozioan, Udalbatzak konpromisoa berretsi zuen Dolmenen Ibilbidea sustatzen eta bultzatzen jarraitzeko eta jakinarazi zuen datozen egunetan dei egingo diela herritarreo proiektuaren aurka deituko duen elkarretaratzean parte har dezaten.  

Atzoko osoko bilkuran, beste ezer baino lehen, udalbatzarra osatzen duten EH Bilduko, EAJko eta PSE-EEko ordezkari politikoek argi adierazi nahi izan zuten energia berriztagarrien alde daudela: “Larrialdi klimatiko bete-betean egonik, deskarbonizazioaren bidean energia kontsumoa murrizteaz gain energia berriztagarrien aldeko apustu irmoa egitea estrategikotzat ikusten dugu”. 

"Ez da onargarria"

Baina behin hori esanda, gaineratu zuten “jakitun” direla “energia berriztagarriak erabili arren ere saihestezina izango dela ingurumen kalteak ekiditea”.  

Horregatik, uste dute “larrialdi klimatikoari aurre egiteko eman beharreko pausoak ahalik eta ekimen kontsentsuatu eta publikoenak bideratzeko” eman behar direla. Horregatik guztiagatik uste dute “mendigainean bi haize errota eraikitzea ez dela onargarria”. 

Halaber, gogora ekarri zuten 2010etik Elgoibarko, Bergarako eta Soraluzeko Udalak eta Debemen eta Debegesa ari direla Elosua-Plazentzia Estazio Megalitikoa eta bertako ondare naturala, kulturala eta geologikoa babesten eta bultzatzen, Dolmenen Ibilbidea proiektuaren bitartez. 

Ildo beretik, gogora ekarri zuten Muskiritzuko mendilerroko kudeaketa plana onartu berri dela,  lursail gehiago erosi direla eta bertako zuhaitz gehiago landatu direla. Eta hori guztia egin dela, besteak beste, Jaurlaritzak diruz lagunduta. 

Onartutakoa

Azkenik, mozioaren bidez honako hiru puntukoak onartu zituzten, aho batez:

  • Mendigainean bi haize errota eraikitzeko Capital Enery enpresak aurkeztutako proiektuaren aurka azaltzen gara.
  • Arestian bezala; Muskiritzuko mendilerroak dituen kultur, natur, aisialdi, ondare geologiko eta biologikoak balorean jartzen eta horretarako Dolmenen ibilbidea bezala ezagutzen dugun proiektua sustatzen eta bultzatzen jarraituko dugunaren aldeko konpromiso sendoa azaltzen dugu.
  • Soraluzeko Udalak ondorengo egunetan dei egingo die herritarrei,  Plaza Berrian egingo den elkarretaratzearekin bat egiteko.

10 bat hilabete

Mozioa onartu ondoren, Patricia Borinaga zinegotzi sozialistak hartu zuen hitza. Besteak beste, jakinarazi zuen Capital Energy enpresak oraindik ez duela proiektua garatzeko eskaera buletin publikoetan argitaratu. Gaineratu zuen, behin argitaratuta, gutxi gora behera, 10 hilabete joango direla proiektuaren tramitazio-burokrazia kontuetan.

Esan zuen, epe horren barruan, alegazioak aurkezteko aukera dagoela eta Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek “komunean adostu” nahi dituztela alegazio horiek. 

Azkenik, besteak beste, zinegotzi sozialistak argitu zuen parke eolikoa ipini ala ez ipini erabakitzeko orduan Eusko Jaurlaritzak duela azken berba, baina hori ez duela egingo Tapia legea baliatuta, izan ere, Tapia legeak ekimen publikotik datozen proiektuetan bakarrik du eskumena.

Herritarren ordezkaritza zabala 

Iker Aldazabal alkateak ere hartu zuen hitza. Besteak beste, esplikatu zuen datozen egunotan zehaztuko dutela proiektuari kontrakotasuna adierazteko elkarretaratzea noiz egingo den. Azaldu zuen asmoa zela protesta ekimena gaur egitea, baina Ukrainiaren alde gaur egingo den elkarretaratzea tarteko, atzeratu egingo dutela Karakateko proiektuaren kontrako deialdia. Hori bai, esan zuen komenigarria dela egingo den elkarretaratze horretan udal ordezkaritza zabala bai, baina proiektuaren kontra dauden herritarren ordezkaritza zabala ere egotea.  

Castron gerarazi dute

Aretora herritar gutxi batzuk gerturatu ziren. Haien artean zegoen Mauri Murok jakinarazi zuen Castro Urdialesen (Kantabria) egon zela hango harria atera eta hura merkaturatzeko proiektu ingeles bat gauzatzeko asmoa, ingurumenean kalte handiak eragingo zituena, baina herrian egin zen kontrako presioa tarteko, azkenean Kantabriako Gobernuak berak bota zuela atzera egitasmoa.