Aspaldiko elkarretaratzerik jendetsuena egin dute gaur. Urtetan Txernobilgo umeak harreran izan dituzten familiek deitu dute protesta ekimena eta 150 herritar baino gehiagok babestu du ekimena.
Kontsigna gabeko elkarretaratzea izan da, isila, baina bertaratu direnen artean ukrainarekiko kezka eta ardura erakusten zuten konbertsazioak entzuten ziren.
Partaideen artean, noski, ukrainiar umeak etxean izan dituztenak ere egon dira. Besteak beste, Elena eta Inna ukrainarrak izan dituzte gogoan.
Etxean, baina beldurrez
HEMEN KLIKATUTA ikus daitezke gaur bertan Ukrainatik bidali dizkieten argazkiak zein umetan hemen elkarrekin atera zituztenetako batzuk.
Irati Iñurrietak kontatu duenez, Gantxegi-Morotarrenean egon zen Elena umetan. Gaur egun 32 urte ditu eta ume txiki bat. Gaur, Elena Mykulychi-n dago, Kievetik ia 50 kilometrora, familiarekin. Argazkietako baten amamarekin eta amaginarrebarekin azaltzen da eta jakinarazi dienez, oraingoz etxean daude, baina errusiarrak dagoeneko eurengandik 2-3 kilometrora daude.
Elenaren amama, adibidez, Hostomelen bizi da baina han sartu dira errusiarrak eta Elenarekin bizitzera joan behar izan du, bere etxean dagoeneko ez dagoelako kristalik.
Elenaren ahizpa, berriz, Kiev-en dago, soto batean ezkutatuta.
Mertxe Galarragak kontatu duenez, berriz, Ivankiv-en, Txernobildik 70 kilometrora bizi da berak etxean izan zuen Inna Likartsu, gaur egun 31 urte dituen gaztea (betaurrekoduna). Likartsu, oraingoz, familiarekin dago, baina gaur eguerditik aurrera, Galarragak ezin izan du haien berri gehiagorik lortu, harrezkero, ez daki zelan eta non dauden.