Atzo goizean, astelehena, Udalean ordezkaritza politikoa duten alderdi politikoen bozeramaileek bildu ziren Capital Energy enpresak Muskiritzuko mendilerroan bi dorre eoliko ipintzeko aukeztu duen proiektuaz berba egiteko.
Proiektuaren kontrako mozioa
Bileraren ostean, hiru bozaramaileen artean adostu duten mezua kaleratu zuten, soraluzetarrei jakinarazteko Soraluzeko Udaleko EH Bildu, EAJ eta PSE-EE ez daudela ados proiektuarekin. Horrekin batera, iragarri dute gaiari buruzko mozioa adostu eta martxoaren 2ko osoko bilkuran aurkeztuko dutela, bertan debatitu eta onartu dadin. Hartara, Udala aho batez eta modu ofizialean agertuko da proiektuaren kontra.
Bestalde, gaiarekin lotuta, bihar, eguaztena, egitasmoaren gainean berba egiteko batzar irekia deitu dute, kasu honetan, herritarrek. Hitzordua 19:00etan da, Gaztetxean.
Elgoibarren ere arduratuta
Elgoibarren ere hasi dira mobilizatzen. Barren komunikabideak jakinarazi duenez, Elgoibarko Morkaiko Mendi Taldeak proiektuaren kontra lan egiteko taldea sortu nahi du.