Eusko Legebiltzarrean aurkezten ari diren Debabarrena eskualdea suspertzeko ponentziaren baitan, gaur eguerdian, Soraluzeren txanda izan da. Iker Aldazabal alkateak 12:00etan hartu du hitza eta herriaren egoeraren berri emateaz bat, hemengo egoerari buelta emateko beharrezko ikusten diren neurriak mahai-gaineratu ditu. “Neurri horiek herriko alderdi politiko guztien artean aztertu eta adostu ditugu”, zehaztu du Aldazabalek.
Pisu industrialaren galera
Herriaren zein eskualdearen egoerari dagokionez, alkateak azpimarratu du historikoki industriala izan den inguru honetan, azken urteotan, pisu industrialaren galera nabarmena eman dela, bi arrazoirengatik.
Batetik EAEko hiru metropoliak (Bilbo, Donostia eta Gasteiz) enpresen erakargarritasun-polo bilakatu direlako. Horren ondorioz, “bertako enpresek dimentsio bat hartzen dutenean bailaratik kanpora joaten dira edota iniziatiba berriak ez dira martxan jartzen bertan”, esplikatu die Aldazabalek legebiltzarkideei.
Bestetik, bailarako orografia malkartsuak zaila egiten duelako industriarako lur berriak ahalbideratzea.
Horregatik eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila “apustu berezia” egitea “bailarako industria suspertzen eta bultzatzen”.
“Askotan entzuten ditugu lurralde orekaren aldeko diskurtsoak baina pentsatzen dugu ordua dela hitzetatik ekintzetara igarotzeko. Debabarreneko bailara atzean gelditzen ari delako azkeneko urteetan beste bailara batzuekin alderatuz”, esan du Aldazabalek.
Lanpostu galera, etxeen egoera...
Soraluzeri buruz, berriz, alkateak gogora ekarri du Gipuzkoako langabezia-tasarik altuena duela; pobreziari aurre egiteko laguntasun gehien behar duten bizilagunak dituen udalerrietako bat dela; azken urteotan lantegi esanguratsuenak ixten joan direla edo euren jarduera beste udalerri batzuetara eraman dutela, “lanpostu ugari galduz”, adibidez, SAPA. Horrekin batera, gogora ekarri du Soraluzeren ezaugarri geografikoak “desabantaila nabaria” direla lur industrial berriak ahalbideratzeko eta bestelakoen artean, azpimarratu du “udalerriko etxebizitzak birgaitzeko behar berezia” daukatela.
Eskaerak
Egoeraren berri eman ondoren, Iker Aldazabalek Soraluze "birgaitzeko landu eta lagundu beharko liratekeen ildo estrategiko nagusiak" aurkeztu dizkie legebiltzarkideei, aldez aurretik Soraluzeko Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien artean adostutako eskaerak:
- Enpresa-sektore dibertsifikatu eta lehiakor baten aldeko apustua. Tokiko ekonomiaren motorra eta enplegu-sortzailea izan dadin.
- Langabezia-tasa handiari aurre egiteko eta bazterkeria egoeran dauden kolektiboak gizarteratzeko txoke-plana. Emakumeen langabeziari bereziki erreparatuta.
- Maltzagako lotunea. Gaur egungo muga naturala konektibitate plataforma bilakatu. Trenbide, autobus lineak eta bidegorri sarea garatuz. Debabarrena Debagoienarekin eta hiru lurralde historikoekin batzeko.
- Udalerriko sarrera-irteera berriak: Hegoaldeko sarreran Olaldea deritzon degradatutako eremu urbanistikoa aurkitzen da. Eremua zahar berritzeko laguntza bereziak beharko genituzke. Iparraldeko sarbidearen kasuan, udalerriko bi ertzak batuko dituen zubi berria eraikitzea ere beharrezkoa ikusten dugu.
- Herriko etxebizitzak birgaitzeko laguntza bereziak eman ditzala etxebizitza komunitateendako. Fatxadak eta teilatuak zahar berritzeko, etxebizitzak termikoki eta energetikoki eraginkorrak izateko eta irisgarritasuna bermatzeko. Herriko auzo desberdinetako irisgarritasuna bermatzeko laguntzak igogailuak eraikitzeko.