Bihar, Legebiltzarrean, 09:30ean hasiko dira Debabarreneko alkateak norbere herriko eta eskualdeko egoeraren berri ematen. Alkate bakoitzak 15 minutu izango ditu agerraldirako. Berba egin ondoren, talde parlamentarioek 10 minutu izango dute zalantzak argitzeko. Eta horren ondoren, alkate bakoitzak beste bost minutu izango ditu mahai gaineratutako zalantzei erantzuteko.
Iker Aldazabal alkateak 12:00etan du berba egiteko hitzordua. Soraluzeko egoeraren berri emango die legebiltzarkideei, besteak beste, gogora ekarriz Soraluze dela bai Debabarrenean eta baita Gipuzkoan ere langabezia tasarik okerrena duen herria.
Alkateak gehi erakundeak
Eskualdeko zortzi udalerriko alkateek parte hartuko dute Debabarrena eskualdea suspertzeko ponentzia Legebiltzarrean aurkezten. Aurreko eguaztenean Eibarko, Ermuako, Mutrikuko eta Debako alkateak izan ziren.
Alkateen ondoren, berriz, eskualdeko bestelako erakundeetako ordezkariak bertaratuko dira, Debegesakoak, Debemenekoak eta beste.
Ponentzia honen helburua da Debabarrena eskualdea eta berau osatzen duten udalerriak ekonomikoki suspertzeko beharra mahai gaineratzea eta hori bideratzeko baliabideak zein jarduera espezifikoak eskuratzeko bidea zabaltzea Legebiltzarrean.