Egoera hobetu da baina ez da guztiz konpondu

Ubane Madera Zangitu 2021ko abe. 10a, 16:16

Gaur gauean gainezka egin duten ur gehienak bueltatu dira ubideetara. Horri esker, itxita edo oztopoekin egon diren errepide gehienak zabalik daude. Saihesbidea, berriz, garbitzen ari dira. Hala ere, badira hainbat arazo oraindik. Adibidez, goizean guztiz etenda egon da autobus zerbitzua eta orain linea bakarra ari da funtzionatzen, DB06 linea, Mendarokoa. Bestalde, bihar goizera arte alerta laranja dago ezarrita, euriarengatik.

Gaur goizaldean hasi dira urak gainezka egiten Soraluzen. Mendizabaleneko zubia gainetik pasatu du ibaiak eta hango errepidea alderik alde harrapatu du, enborrak eta bestelakoak ere lagaz bertan. Goiz osoan egon da itxita Bergararako noranzkoa. Poliziak piboteak eta hesiak ipini ditu bidea itxita zegoela ohartarazteko, baina behin baino gehiagotan puskatu egin dute hesia eta hainbat ibilgailu errepidera irten da. 

Saihesbidea garbitzen

Saihesbidean, berriz, 05:00ak aldera goitik behera etorri da mendi zatia eta han ere alderik alde harrapatu du errepidea. Bi noranzkoak itxi dituzte eta oraindik ere halaxe dira. Edozelan ere, 14:30ak geroztik bertan dira kamioiak eta makinak, lurjausia batzen. 

Gaur goizean, Eibarrerako noranzkoa izan da zabalik egon den bakarra, tarteka hura ere itxita izan den arren. Izan ere, Maltzagarako bidean lurjausi ugari gertatu da.

Autobus barik

Soraluze inguruko errepideak itxita egon direnez, goizean ez da autobus zerbitzurik izan herrian. 14:30ak aldera, berriz, linea bat hasi da funtzionatzen, Mendarorako autobusak egiten duena.

Bestalde, ohiko zereginetara joateko autoa hartu duen herritar ugari nora joan jakin ezinda ibili dira, herriaren irteeretara irten eta bertan ikus ondoren errepidea itxita zegoela. Asko autoarekin bueltaka ibili dira batera eta bestera, irteeraren baten bila. Ondorioz, herri barruan ere nabarmen handitu da zirkulazioa.

Kalean ia kalterik ez

Soraluzeko erdiguneari dagokionez, berriz, Lersundineko arketetan urak gainezka egin du goizaldeko seiak inguruan eta ura kaletik jaitsi da, Errabal kaleraino. Bidean, besteak beste, Gokiren bulegora, Triskelera eta Gila tabernara sartu da apur bat. 07:15erako libratu dute udal langileek, makilekin arketak garbituz. 

Osterantzean, azken 20 egunotako etenik bako euri ugariak mendian ere eragin ditu hainbat eragozpen. Txurrukarako bidean arbola bat jausi da. Hala ere, bidearen zati bat libratuta dago, ibilgailuak pasa daitezen. Oztegietan, berriz, beste arbola bat jausi da. Eta Araneta baserri pareko bidea itxita dago. 

Alerta laranja

Adituen arabera, euriak segi egingo du datozen orduotan, baina ez horren indartsu. Hala ere, Segurtasun Sailak eutsi egin dio Gipuzkoan ezarrita dagoen alerta laranjari, euri iraunkorrarengatik biharko 09:00ak arte. Josu Erkoreka Sailburuaren esanetan, ibaiak hazita doaz eta ez dute ur asko behar berriro ere gainezka egiteko.