Blues Hotsak jaialdiaren hirugarren edizioa izango da aurtengoa eta Errabal kultura elkarteko Ubane Uzin antolatzailearen esanetan, "blues jaialdia kontsolidatu egin da eta penintsulako blues jaialdi nagusien agendan sartzea lortu dugu. Horri esker, orain atzerritik biran datozen musikariak eurak dira etorri nahi dutenak".
Musikari handiak
Watermelon Slime da jaialdiko izen handi horietako bat. “Ibilbide luzeko musikaria da, oso edadetua. Vietnamgo gerran ibilia, gerraren aurkako beteranoen kide ere izan zen eta bere bizitza artistikoan blues munduko musikaririk handienekin jo du”.
Ondoren datozen beste lau taldeak ere ez dira nolanahikoak: Izo Fitzroy emakume ingeles ileoria "indar handikoa"; Koko Yein, bere azken diskoa aurkezteko biran dabil; Eunice, Nina Simoneri eskainitako emanaldia da, Errabal elkartearen enkarguz ondua; eta Niko Etxart, “euskal eszenako izen handia, euskarari presentzia ematen diona". Hala, maila artistikoarekin batera, genero aldetik lortu den “oreka polita” ere azpimarratu nahi izan du Ubanek, nabarmenduz taldeburuetako hiru emakumezkoak eta beste bi gizonezkoak izango direla.
Bestalde, aipagarria da aurten ere herriko musika taldeek izango dutela jotzeko aukera, Musika Eskolarekin batera antolatu den emanaldian.
Erakusketa eta filma
Kontzertuez gain, beste diziplina batzuk ere izango dira jaialdian. Batetik, Bluesaren zuzeneko mundua izeneko erakusketa izango da ikusgai, Alex Rodriguezen argazkiekin osatua. Bestetik, Janis Joplinen bizitzari buruzko Little girl blue filma proiektatuko da jaialdiak iraungo duen egunetan.
Sarrerak salgai
Kontzertuetarako sarrerak dagoeneko salgai daude Iratxo gozo-dendan, 10 euroko prezioan. Plaentxia.eus-ek kontzertu bakoitzerako bina sarrera zokatzen ditu HEMEN.