"Non dago Mikel?" dokumentala

"Torturen eta tratu txarren biktimek ez dute behar bezalako errekonozimendurik eta erreparaziorik jaso"

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 10a, 11:05
Laura Pego doktorea.

Bihar, eguena, Memoria eta Bizikidetza jardunaldien baitan, zineforuma izango da Herri Antzokian, 19:00etan hasita. Lehenengo, Non dago Mikel? Mikel Zabaltza autobus gidariaren atxiloketaren eta heriotzaren nondik norakoak mamitzen dituen dokumentala proiektatuko dute eta horren ondoren, Laura Pego Zuzenbidean Doktoreak eta EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzaileak eta Paco Etxeberria forentse ezagunak kasu hura, Estatuko biolentziaren biktimekiko erreparazioa eta bestelako hainbat gai landuko dituzte.

- Non dago Mikel? dokumentalaren aurkezpenean diote ikus-entzunezkoak kontatzen duela Euskal Herria astindu zuen Estatu krimen baten historia. Epaitegietan hiru bider zabaldu dute Mikel Zabaltzaren kasua eta hiruetan itxi egin dute, epaile baten baino gehiagoren aginduz, haiek esanda ez dagoela nahikoa frogarik Zabaltza torturapean hil zutela demostratzen dutenak, nahiz eta lekukotasunak soberan egon. Zelan da hori posible?

Justu horixe azpimarratuko dugu Soraluzeko solasaldian Pacok eta biok. Kasuari buruz egingo dugu berba, azpimarratuko dugu ikerketa hura bultzatzeko beharra dagoela eta diligentzia judizialek aurrera segitu beharra dutela. 

- Askotan salatu da gatazka honetan biktima batzuk bakarrik aitortzen direla, ETAren biktimak, alegia…

"Egiaren eta erreparazioaren bidean eman diren aurrerapenei buruz hitz egingo dugu"

Guk egiaren eta erreparazioaren bidean eman diren aurrerapenei buruz hitz egingo dugu. Onartutako arauak eta dekretuak. Adibidez, 107/2012 Euskal Dekretua. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateari buruzko uztailaren 28ko 12/2016 Legeaz eta Estatuko indarkeriaren biktimei erreparazioa emateko lan egiten duen batzordeaz hitz egingo dugu.

- Mikel Zabaltzaren kasuan, torturapean hil zutela aitortu dute Estatuko agente polizial batek baino gehiagok; hori ere askotan salatu da, tortura modu sistematikoan erabili zela Euskal Herrian…

"Torturen eta tratu txarren salaketek ez zuten jaso behar izan zuten arreta soziopolitikoa edo mediatikoa"

Bai. Paco Etxeberria, Carlos Martin Beristain eta hirurok Tortura Proiektuan dihardugu lanean eta horren berri ere emango dugu. Hori da 1960tik 2014ra bitartean Euskadin gertatutako tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektua.  Horren gaineko txostena aurkeztu genuen. Adibidez, jasotako tortura salaketen zenbaki osoa (4.113) erreala baino txikiagoa da, 60ko eta 70eko hamarkadetako eta 80ko hamarkada hasierako salaketa asko ezin izan direlako berreskuratu. 

Ikerketa garrantzi handikoa da biltzen duen informazioari dagokionez. Azken 50 urtetan milaka lagunen datuekin (dokumentatuak, lekukoenak eta adituenak) tamaina handiko salaketa errolda osatzea ahalbidetu du ikerketak. Lau ondorio ateratzea ahalbidetzen du:

  • Torturak eta tratu txarrek presentzia garrantzitsua izan dute 1960tik, beherako ibilbidearekin azken 12 urtetan.
  • Salaketetako asko ez ziren behar bezala ikertu eta inkomunikazio epeetara lotuta egon dira gehien bat.
  • Torturen eta tratu txarren salaketek ez zuten jaso behar izan zuten arreta soziopolitikoa edo mediatikoa.
  • Torturen eta tratu txarren biktimek ez dute behar bezalako errekonozimendurik eta erreparaziorik jaso.