Musika eskolako hasiberrien eta diplomadunen kontzertua bihar

Ubane Madera Zangitu 2021ko urr. 5a, 11:45

Umeak instrumentuak probatzen. Artxiboa.

Bihar, eguaztena, Soraluzeko Musika Eskolan instrumentua ikasteko lehen ikasturtea egin dutenek eta diploma eskuratu behar dutenek kontzertua eskainiko dute Herriko Antzokian. 18:30ean hasiko da. Antzokiaren edukiera bete arte bertaratu ahal izango dira ikusleak. Ikasleen senitartekoek, berriz, gonbidapenak izango dituzte.

Aurten lehen aldiz, elkarrekin egingo dute musika saioa instrumentua ikasten hasi direnek eta ikasketak bukatu dituztenek. Pandemiak galarazi egin zuen Nire Lehen Kontzertua ohiko datetan egitea eta orain pentsatu dute polita litzatekeela hasiberriek diploma eskuratu dutenekin batera egitea musika saioa, “hartara, hasiberriek ikusiko dute noraino hel daitekeen musika eskolan”, esan du Domentx Uzinek, musika eskolako zuzendariak.

Ia 25 musikari

18:30ean hasiko da musika saioa. Instrumentua ikasten hasi diren 18 bat ikasle igoko dira taula gainera, talde txikietan banatuta, kontzertua dinamikoagoa izan dadin. Gitarra elektrikoarekin, flautarekin, pianoarekin, biolinarekin… joko dute bakoitzak kantu bana.

Ondoren, diplomadunen txanda izango da. Bost ikasleri emango diete diploma antzokian bertan eta  haiek ere eskainiko dute kontzertua.