Eskola kirolerako hezitzailea behar dute

Ubane Madera Zangitu 2021ko ira. 20a, 11:49

Soraluzen, eskola kirolean hezitzaile moduan lan egiteko pertsona behar dute. Profila honakoa da: 18 urtetik gorakoa izan behar da. Heziketa fisikoko zein hezkuntza arloko ikasketak eginda dituena edo hori ikasten ari dena edo entrenatzaile titulua duena edo begirale titulua duena. Eta euskaraz jardutea.

Interesa dutenei begira batzarra antolatu dute, aste honetako eguenean, irailaren 23an. Hitzordua da 17:00etan, antzokian. 

Curriculuma bileran bertan

Deitzaileek esan dutenez, lan egiteko interesa dutenentzat bilera honetan parte hartzea garrantzitsua da. Izan ere, egituraren gaineko informazioa eta hezitzailearen lanaren gaineko irizpideak eta baldintzak azalduko dira. "Ondoren interesatu guztiek guk emandako curriculum orriak beteko dituzue bileran bertan eta lan poltsa bat osatuko dugu sortzen diren taldeetako izendapenak egiteko kontutan izango ditugunak".

Bestalde, bilerarako asistentzia konfirmatzea ezinbestekoa da, aforo edo edukiera kontuengatik. Horretarako aldez aurretik eman behar da izena. Bi modu daude:  663035947 telefonora deituta edo aeskarza@athlonprestakuntza.eus helbidean izena emanda.

Halaber, norbaitek ezin badu batzarrera joan, curriculuma bidal dezake helbide berera: aeskarza@athlonprestakuntza.eus.