Kirol eskaintza berria, zapatuetan partidak eta jardunaldi bereziak, eskola kirolean

Ubane Madera Zangitu 2021ko ira. 20a, 09:49

Aurten, berritasun ugarirekin dator eskola kirola. Batetik, luzatu egin dute izena emateko epea, aste honetako barikura arte. Bestetik, praktikatuko dituzten kirol jardueren artean, Soraluzen, hockeyan ibiltzeko aukera ere izango da eta azkenik, zapatuetako partidak berreskuratzeaz gain, hainbat jardunaldi berezi egingo dituzte asteburuetan: abentura parkea, espeleologia, izotz-pistara joan, herri-kirolak, jolasak eta beste.

Urrian hasiko dira eskola kirol jardunaldiak, aldaketa nabarmenekin. Saioei dagokienez, berriro ere astean birritan izango dituzte kirol saioak, iaz, pandemiaren eraginez, bakarrik astean behin izan eta gero. 

Horrez gain, kirol eskaintza handitu eta aurten patinajea, igerilekuan jolasak, frontenisa, badmintona, beisbola, herri-kirolak, waterpoloa… eta bestelako kirol mota batzuk ere praktikatu ahalko dituzte. 

Surfa, izotz-pistara irteera…

Bestalde, berreskuratu egingo dituzte zapatuetako partidak, pandemiak etendakoak. Hori bai, oraingoz, herrian bertan jokatuko dituzte. Horrekin batera, iragarri dute hainbat zapatutan eta ekainean ekintza bereziak egingo dituztela: abentura parkea, surfa, padel surfa, kartinga, parkourra… Asko aukerazkoak izango dira, ez derrigorrezkoak.

Eta iragarri dute, baita ere, goi mailako kirol elkarteekin ekintza bereziak egiteko asmoa dutela, adibidez, Realaren partidak ikustera joateko sarrerak zozkatuko dituzte. 

Beherapenak kuotan

Izen-emateari dagokionez, ekainean zabaldu zuten epea eta orduantxe izena eman zutenek ez dute beste ezer egin behar. Ekainean izena eman ez zutenek, berriz, aste honetako barikura arte dute horretarako aukera, hemen klikatuta: https://soraluzeeskolakirola.wordpress.com/izen-emateak.

Urteko kuota da 85 euro, baina beherapenak daude guraso elkarteko kideentzat, bi ume eskola kirolean dituztenentzat, zailtasun ekonomikoak dituztenentzat eta abar.

Gurasoendako batzarra irailaren 29an, eguaztena, izango da, 18:30ean, antzokian.

Egutegiak, LH 1 eta 2 eta LH 3 eta 6

Segidan ikusgai aurtengo jardueren eta topaketen egutegiak, LH 1. eta 2. mailakoenak lehenengo.


Hemen, berriz, LH 3. mailatik 6. mailara bitartekoendako.