Bizi osorako kartzela-zigorren kontra

Ubane Madera Zangitu 2021ko ira. 18a, 13:48
Herritarrak Plaza Berrian, 'Presoak etxera!' dioten kartelak eskuetan.

Gaur, zapatua, Bizi osorako zigorrik ez! Giza Eskubideak, elkarbizitza, konponbidea lelopean elkarretaratzea egin dute Plaza Berrian. Euskal presoei ezartzen zaien salbuespeneko politika bertan behera lagatzeko eskatu dute. Zehazki, salatu dute 15 euskal presori 40 urterainoko kartzela zigorra bete eragin nahi dietela. 

Sarek deituta, eguerdian, 80 bat herritar elkartu dira Plaza Berrian, euskal presoei aplikatzen dieten salbuespeneko kartzela politika salatzeko. “40 urteko zigor efektiboa betetzera kondenatuta dauden 15 preso ingururen egoera” salatu dute batik bat. Gaineratuz, “kondena horiek espetxeen arloko araudian ezarritakoaren kontrakoak” direla. 

“Ez dugu bizi osorako zigorrik onartuko eta bere burua demokratikotzat izendatzen duen Estatu ez eta jendarte batek ere, ez luke halakorik onartu beharko” azpimarratu dute.

"Presio eta manipulazio" handia

Soraluzen moduan, gaur, beste herri askotan ere egin dituzte elkarretaratzeak. Izan ere, Sarek deitutako mobilizazioa Arrasaten egin behar zuten, Unai Parot presoaren egoeratik abiatuta. 31 urte daramatza hark kartzelan eta 40 urte bete eragin nahi diote. 

Aldiz, atzo, Sarek bertan behera laga zuen Arrasateko martxa. Mugimenduari egotzi diote Arrasateko mobilizazioaren bitartez  preso jakin bati “omenaldia egin” nahi ziotela. Hala, Saretik erabaki zuten “guztiz desitxuratu duten martxa” bertan behera lagatzea eta horren lekuan, herriz herriko elkarretaratzeak egitea. Halaber, salatu dute egunotan “presio eta manipulazio” handia jasan dituztela. 

Guztiek dituzte eskubideak

Soraluzekoa elkarretaratzean, gogora ekarri dute euskal presoek ere badituztela eskubideak: “Indarkeriaren biktimak eta pertsona guztien giza eskubideen errespetua kontrajarri nahi izan dituzten horiei gogorarazi nahi diegu giza eskubideak ezin direla partzelatan bereizi. Ezin dira batzuk defendatu, eta beste batzuk mespretxatu”. 

Eta adierazi dute “bizikidetzan aurrera egin ahal izateko”, “ezinbestekotzat” jotzen dutela “salbuespen legedia bertan behera gera dadin lanean jarraitzea”. Ildo beretik, horren alde lanean segituko dutela azpimarratu dute: “Gaur, isilarazi nahi izan duten aldarri hau, Euskal Herriko plaza guztietan ozen adieraziko dugu”.