Arrasateko Sarek biharko eginda zuen deialdia bertan behera geratuko dela ohartarazi du, goizean egin duen prentsaurrekoan. "Giza eskubideen aldeko mobilizazio hau hutsaltzeko eta kasu batzuetan kriminalizatzeko ahalegina egin da", azaldu dute Begoña Atxa eta Joseba Azkarraga bozeramaileek. Erabakia Sare Herritarrak hartu du.
Preso jakin bati "omenaldia egitea" izan da hainbat sektoretatik Arrasateko Sareri egotzi zaiona; sektore mediatiko, politiko eta insituzionaletatik, Arrasateko Sareren arabera. Hori gezurtatzen jardun dutela esan dute Atxak eta Azkarragak, baina, halere, "entzungor" egin zaiela: "Maltzurkeriari, deskalifikazioari eta presioei eutsi zaie. Eta larriagoa dena, alde batera utzi da, nahita, Sarek beti bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen alde egin duela".
Martxaren ordez, mobilizazioak
31 kilometrotako martxa bertan behera uztea erabaki duten arren, Sare Herritarrak bihar goizerako kontzentrazioak deitu ditu Euskal Herriko plaza guztietan, euskal presoei "salbuespen izaerarekin aplikatzen zaien legedia" publikoki salatzeko.Soraluzen, 12:30etarako deitu du elkarretaratzea Soraluzeko Sarek Plaza Berrian.
Une historikoaren "garrantzia"
Sarek Euskal Herriko une historikoaren garrantzia nabarmendu du prentsaurrekoan, eta azken hilabeteetan urruntze-politika bertan behera uzteko eman diren urratsak onartu ditu: "Guztion artean, euskal presoek eta haien senideek oraindik ere jasaten duten eta haien eskubideak urratzen dituen salbuespen-araubideari amaiera emateko bidea zabaltzea lortu dugu".
Horren harira, azken asteko jokabideak "harridura osoz" hartu dituztela gaineratu dute Atxak eta Azkarragak. Pausoak emateko testuinguruan, hainbat politikarik, alderdik eta erakundek espetxe-politikako aldaketak errefusatzen dituztela esan dute: "Aurrerapauso horiek gerarazteko presioa eta manipulazioa –biktimen mina modu arbuiagarrian erabilita, kontrakoaren aurkako arma gisa erabiltzeraino– baliatu dituzte".
PP-k ekintza mantenduko du
Alderdiak jakinarazi duenez, bihar Arrasaten deitutako mobilizazioari eutsiko diote popularrek. Terrorismoaren biktimei "babesa emateko" ekitaldia dela errepikatu dute. Bestalde, VOX alderdiak ere deialdia eginda zuen biharko, eta momentura arte behintzat, ez du ezeztatu.
Oharra: Albiste honen eduki nagusia Goiena.eus-etik ekarri da Plaentxia.eus-era.