Asier Heriz eta Iñaki Saez oroitu dituzte Arraten

Ubane Madera Zangitu 2021ko ira. 9a, 08:01

Atzoko egunez orain dela 20 urte hil ziren Asier Heriz soraluzetarra eta Iñaki Saez eibartarra auto-istripuz, Lourdes Txurruka presoa bisitatzera zihoazela, Avilara bidean. Atzo, haien oroimenezko lehen ekitaldia egin zuten, Arraten. Bi gazteen senide eta lagun ugari elkartu ziren gertakari latz hark eragindako samina gogora ekarri eta oraindik orain euskal presoei ezartzen dieten salbuespeneko politikarekin eta sakabanaketarekin buka dezaten exijitzeko. 

Arrateko santutegiaren aurreko aldean izan zen Asier Herizen eta Iñaki Saezen aldeko oroimen ekitaldia. Soraluzeko, Eibarko eta inguruotako 100 lagun pasa elkartu ziren eguerdi partean eta kantuak, bertsoak, Agurra eta berba hunkigarriak eskaini zizkieten bi gazteei, euren lagunen eskutik.

Atzoko ekitaldia Eibarren izatean, batik bat, Iñaki Saez ekarri zuen gogora haren lagun Iñaki Amuategi Txistok, Amañako gaztearen izaera eta euskaltzaletasuna nabarmenduz. Horrekin batera, besteak beste, Iñaki Saezek berak EH Sukarra taldearendako idatzitako kantu ezaguna, Biharra, interpretatu zuen Mikel Gorosabel Nortonek. 

"Egoera muturrekoak"

Aldarrikapenerako tartea ere izan zuen ekitaldiak eta Eibarko Sare elkarteko Ixidro Gabirondok gogora ekarri zuen 16 lagunek galdu dutela bizia presoren bati bisita egitera zihoazela edo handik bueltan eta ugariak izan direla bestelako istripu eta ezustekoak. 

Salatu zuen, egoera asko hobetu den arren, oraindik  badirela "egoera muturrekoak" bizi dituzten euskal presoak, gaixo daudenak, zigorraren hiru laurdenak beteta dituztenak, kartzelaldi luzeak betetzen ari direnak, etxetik urrun daudenak, zein adinekoak. Halaber, asmo irmoa erakutsi zuen, denon konpromisoarekin, “azken presoa, azken iheslaria eta azken deportatua etxera” ekartzeko. 

Atzokoa eginda, gaur da oroimen ekitaldien bigarren hitzordua, Soraluzen. Ibon Muñoa preso ohi eibartarrak Gure ama-lur feminista da liburua aurkeztuko du, 18:30ean Tolarekuan.

Zapatuan, Soraluzen

Zapatuan bukatuko dira bi gazteen heriotzaren XX. urteurreneko ekitaldiak. Oroitza eta aldarria uztartzen dituen ekitaldia egingo dute Plaza Berrian, 19:00etan hasita. Aurretik, goizean, 11:30ean, Asierren eta Iñakiren omenez eta dispertsioa salatzeko antolatzen duten pilota txapelketaren hogeigarren edizioaren finala jokatuko dute San Andresen. 

 

Erlazionatuak

Arrateko ekitaldia argazkitan

Ubane Madera Zangitu 2021 ira 09 Soraluze

Herrian samina eragin zuen gertakaria

Ubane Madera eta Egoitz Unamuno 2021 ira 07 Soraluze