Herrian samina eragin zuen gertakaria

Ubane Madera eta Egoitz Unamuno 2021ko ira. 7a, 08:52

Duela hogei urte, 2001eko irailaren 8 hartan, Asier Heriz eta Iñaki Saez hil eta Irantzu Benito larri zauritu zenaren albisteak samin handia eragin zuen herrian. Ondorengo egunetan, dolua adierazteko edota presoen dispertsioa politika salatzeko ekitaldi jendetsuak egin ziren, besteak beste: Udalak hiru eguneko dolu ofiziala ezarri zuen dispertsioaren aurka egiten zuen udal-mozioa onartuta, greba orokorra egin zen herrian, omenaldi eta manifestazioak eta hileta-elizkizun berezia parrokian, garai hartan Donostiako gotzain zen Juan Maria Uriarte eta aurretik gotzain izandakoa zen Jose Maria Setien bertan zirela. Argazkiak: Gara. 

Egun haietan Gara egunkariak herrian atera zituen argazkiek ondo erakusten dute gertakari lazgarri hark herritarren artean eragin zuen saminaren neurria.

"Dolua herrian"

Pil-pilean aldizkariak jarraipen zabala egin zion gertakariari irail hartan kaleratu zuen 38. alean. "Dolua herrian" titularrarekin erreportajea kaleratu zuen eta garai hartan kaleratzen zen editorialean ere aipatu zuen gaia. Honela zioten editorial hartako lehen lerroek: “Zer esan… Asier eta Iñaki hil izanaren barrixa jakin orduko tristura zabaldu zan herrixan.. Senittartekuak, lagunak, ezagunak ... danak apurtuta. Barrixa jakin arren eta behin eta berriz entzun arren, ezin sinistu Asier eta Iñaki hil ziranik. Hurrengo egunetako ekitaldixak, senittarteko, lagun, ezagun eta herrixaren mina eta amorrua kanpora etara eta adierazteko aukeria emon zeben. Lurdesen bihotza alaittu nahixan, eurak bizitza galdu biharraren gogortasuna aipatu zan Asier eta Iñakiren omenaldixan eta halaxe da. Asier, Iñaki eta Irantzu Euskal Herritik urrin Avilan espetxeratuta daguan Lurdesi bere bakardadian berotasun pixkat emotera zoiazen eta bidai horretantxe topatu zeben hiruretako bik heriotza”.