Musika Eskolan matrikulatzeko aukera

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 17a, 18:59

Zapatuan, maiatzaren 22an zabalduko da 2021-2022 ikasturterako Soraluzeko Musika Eskolan matrikulatzeko epea. Ekainaren 6ra arte izango da zabalik. 24 instrumentu jotzen ikasteko aukera eskaintzen du eskolak, umeendako zein helduendako.

Honako ikasketak egitek aukera eskaintzen du Soraluzeko Musika Eskolak: Klarinetea, Saxofoia, Pianoa, Gitarra, Soinua, Trikitixa, Panderoa, Txistua, Zeharkako txirula, Biolina, Tronpeta, Abesbatza, Perkusioa, Baxu elektrikoa, Musika tailerra, Talde instrumentala, Gitarra elektrikoa, Folk taldea, Ganbara musika, Musika hizkuntza, Banda, Gazte eta Helduendako musika hizkuntza eta Biolontxeloa.

4 urtetik aurrera

Adinari dagokionez, 4 urtetik aurrerako edozeinek ikas dezake musika eskolan. Baita helduek eta nagusiek ere. Adibidez, 2021-201 ikasturtean 180 matrikula izan dituzte. Ikasleen artetik 15-20 inguru helduak izan dira. Irakasleak, berriz, 12 dira. 

Matrikulatzeko interesa duenak eskolan bertan eman dezake izena eta baita online ere, honako helbidean: labur.eus/aurrematrikula1. Informazio gehiago behar duenak, berriz, eskura du telefono zenbakia ere: 943 75 15 44.

Beherapenak

Musika eskolak beherapenak egiten ditu familia bakoitzak ordaintzen duen kuotaren arabera. Hain zuzen, familia bakoitzaren kuota 90 eurotik gorakoa bada, 90 eurotik pasatzen den horren %50eko deskontua egiten du. Deskontuak onuragarriak dira, batik bat, familietan matrikula bat baino gehiago baldin badaude.