Soraluzeko Pentsiodunen Mugimendua: "Uste dugu bankuek ez dutela zerbitzu egokia ematen"

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 6a, 09:15

Txaro Lete eta Mauri Muro, Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduko bi kide.

Astelehenean, Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduko bi ordezkari Kutxabankera joan ziren, Maximina Gomezi gertatutakoarengatik protesta egitera. Justu astebete lehenago, banketxeei eta aurrezki kutxei eskaera zehatzak egiteko gutun bana helarazi zieten. 

Gomezen kasuarekin, jaso zenuten erantzunen bat?
Bai. Eurak gertu daudela laguntzeko txartelarekin edo pina duen kartillarekin joanez gero. Guk esan genion: eta okupatuta bazaudete, pertsona zain egon behar da? Esan zuten ezetz, emango ziotela arreta. Baina gu ez gaude ados horrekin.

Zeratik? Langileen jarrerarengatik?
Langileek enpatia gehiago izan beharko lukete. Baina uste dugu enpresa dela zerbitzu egokia ematen ez duena. Ezarrita duten ordutegia ez zaigu pertsona nagusiendako aproposa iruditzen. Bidezkoa ere ez. Inorendako ez da bidezkoa, baina bereziki, nagusiendako, euretako asko ez baitira ondo moldatzen teknologiarekin. Adibidez, Maximina Gomezek esan zuen ez dela txartelarekin ondo moldatzen. Zergatik erabili behar du txartela derrigorrez?

Justu orain dela astebete gutun  bana entregatu zenituzten herriko banketxe eta aurrezki kutxetan. Jaso duzue erantzunen bat?
Kutxabanken esan ziguten zuzendaritzara bidali zuela eta erantzunen bat bidaliko zutela. Soraluzeko bulegoko arduradunak emango zigula erantzuna hura jasotzean. 

Eta gainerakoek?
Ez dute deirik egin. Kutxabankena dakigu Maximina Gomezena gertatu zelako.

Gutun horietan zer eskatzen zenuten? 
Bost eskaera ziren:
Erakundearen sukurtsal bakoitzean leihatila esklusibo bat irekitzea, 65 urtetik gorakoentzat.
Komisiorik gabeko txartelak ematea hala eskatzen duten 65 urtetik gorakoei (Nagusi), horiek erabiltzeko inolako kontrapartidari lotu gabe.
Komisioak, gutxienez, 2015eko mailara jaistea, herritarrok dirua seguru izateko dugun oinarrizko eskubidea berreskura dezagun.
Zerbitzu presentziala bermatzea. Aurrez aurreko nahiz kutxako zerbitzua berriz ezartzea, lehen zeuden udalerri txikiagoetan barne, arreta-ordutegi nahikoarekin.
Euskal Herriko udal guztiei eskatzen diegu gainerako banku- eta aurrezki- 
erakundeetara ere jo dezatela, jardunbide egokiak berreskura ditzaten.

Baduzue erantzunarekiko esperantzarik?
Zalantzak ditugu. Ikusiko dugu. Akaso beste erakunderen batera jo beharko dugu gure eskaerak haren bitartez helarazteko. 

Zuen ustez, egiten duzuen protesta pentsiodunek egin beharrekoa da?
Ez. Kaltetutako pertsona guztiek eta sindikatuek ere egin beharko lukete protesta hau.

Erlazionatuak

Diru barik etxera

Ubane Madera Zangitu 2021 mai 03 Gizartea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.