Gaur 40 bat lagun elkartu da Plaza Zaharrean, Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduak deituta. Ohiko elkarretaratzea egin beharrean, bankaren aurrean herritarrek sentitzen duten “babesgabetasuna” salatu dute.
Horretarako, Kutxabankera, Sabadellera eta Euskadiko Kutxara joan dira eta gutun bana entregatu diete ordezkariei. Besteak beste, bankaren gaur egungo funtzionatzeko modua salatu dute eta oraingoa baino zerbitzu hobea aldarrikatu dute, eskari zehatzak eginez:
- Erakundearen sukurtsal bakoitzean leihatila esklusibo bat irekitzea, 65 urtetik gorakoentzat.
- Komisiorik gabeko txartelak ematea hala eskatzen duten 65 urtetik gorakoei (Nagusi), horiek erabiltzeko inolako kontrapartidari lotu gabe.
- Komisioak, gutxienez, 2015eko mailara jaistea, herritarrok dirua seguru izateko dugun oinarrizko eskubidea berreskura dezagun.
- Zerbitzu presentziala bermatzea. Aurrez aurreko nahiz kutxako zerbitzua berriz ezartzea, lehen zeuden udalerri txikiagoetan barne, arreta-ordutegi nahikoarekin.
- Euskal Herriko udal guztiei eskatzen diegu gainerako banku- eta aurrezki- 
erakundeetara ere jo dezatela, jardunbide egokiak berreskura ditzaten.
Lanpostu galera izugarrizkoa
Bestalde, bankaren gaur egungo funtzionatzeko modua salatu dute, adibidez, exekutiboen soldatak, kontratu blindatuak eta beste: “Estatuko banku handiak bat-egite eta xurgapen prozesu batean sartu dira, eta oligopolio egoerara eramaten ari dira, politika ekonomikoaren orientazioa erabakitzeko, euren boterea areagotuz, soldatak, pentsioak zalantzan jarriz, baina inoiz ez enpresen irabaziak, goi- exekutiboen soldata gehiegizkoak, kontseilarien prima eta kontratu blindatuak, ezta ere, jakina, euren kudeaketen banku-gastu handiak eta komisioak, azken horiek 10 urte daramatzate etengabe gora egiten”.
Banka publikoa
Salatu dute, baita ere, administrazio-prozesuetan geroago eta informatizazio eta digitalizazio handiagoa ematen dela eta oro har, horrek bankari lanpostu galera izugarrizkoa ekarri diola.
Halaber, gogora ekarri dute bere garaian, “euskal kutxak, banku (Kutxabank) bihurtzeko erabakia” hartu zela ; “gaizki" saldu zitzaiola Nafarroako Aurrezki Kutxa Caixabanki” eta “Estatuak diru publikoa xahutu” zuela bankuak erreskatatzeko.
Horren guztiaren aurrean, banka publikoa garatzea eskatu dute, eta besteak beste, Kutxabankek kutxa zaharren izaera publikoa eta soziala berreskura dezala.