Diru barik etxera

Ubane Madera Zangitu 2021ko mai. 3a, 14:00

Maximina Gomez, Kutxabankeko libreta eskuetan duela.

87 urte ditu Maximina Gomezek, "ia 88" dio berak. Pentsioen aldeko elkarretaratzera joan da gaur, oso urduri, Kutxabankera dirua ateratzera joan  eta ezin izan duelako. "Diru barik noa etxera eta eguaztenera arte ezin dut atera", kontatu du. Elkarrizketan eman ditu gertatutakoaren xehetasunak. 

Zer gertatu zaizu?

Kutxara joan naiz, 10:55ean (hemen daukat papera, nahi baduzu ikusi). Dirua atera behar nuen. Baina lehenengo libreta eguneratu behar da eta libreta eguneratzeko makina apurtuta zegoen. Orduan, esan didate beste makina erabili behar nuela libreta eguneratzeko. Baina hura okupatuta zegoen. Hura libratu eta nik libreta eguneratu dudanerako, 11:00ak pasata ziren eta orduan esan didate ya ezin didatela dirurik eman, lehiatila 11:00etan itxi egiten dutelako. Baina ni lehenago iritsi naiz!

Eta orduan?

Erabat urduri ipini naiz. Eskerrak etxean 100 euro ditudan, ze bestela asteazkenean arte ezin dut atera dirurik. Ze ni txartelarekin... ba ez. Eta ez dago eskubiderik. Ia 88 urte ditut. Edozer gauza egiteak ahalegin handia eskatzen dit, ia ezin dut ezer egin. Eta gainera, nire dirua da! Hemen, lotsa apur bat dugunok edukazioz ibiltzen gara, baina horiek... lotsabako hutsak dira!

Kutxabanken azalpenak

Gertatutakoa entzunda, Pentsiodunen Mugimenduko bi ordezkari Kutxabankera joan dira, azalpen eske. Plaentxia.eus ataritik ere deitu dugu, Kutxabanken bertsioa eskuratzeko. Bi kasuetan, Kutxabankeko iturriek erantzun berbera eman dute, honakoa:

Emakumea 11:00ak pasata ailegatu da lehiatilara eta bertako langilea ya beste lanpostu batean zegoen. Edozein modutan, emakumeari eta beste edozeini laguntzeko prestutasuna erakutsi dute, beti ere, txartelarekin joanez gero. Txartelarekin, edozein egunetan edozein ordutan lagunduko dute behar den guztietan. Norbaitek bakarrik libreta erabili nahi badu, berriz, ezarritako ordutegia errespetatu beharko du: astelehenetan, eguaztenetan eta barikuan, 08:30etik 11:00ak arte.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.