Unai Larreategi: "Zubi berri batzuk eraikitzen hasi gara"

Ubane Madera Zangitu 2020ko abe. 24a, 11:21

Unai Larreategi eta Ana Maiztegi bilkideak atzo, eguaztena.

EH Bildu abstenitu egin zen aurrekontu-proposamenaren bozketan. Udal Gobernuak erakutsitako jarreraren ondotik, irakurketa positiboa egin zuen Unai Larreategi oposizioko bozeramaleak. Besteak beste, adierazi zuen “ariketa kolektiboei ateak zabaltzen asmatzen” ari direla “erabaki eta proiektu hobeak” lortuz. “Aurrekontuak dira horren adibide nabari bat”.

Aurrekontuaren irakurketa egitean, Unai Larreategik azpimarratu zuen “hauteskunde osteko paktuen ondorioz gogortutako jarrerak”  nagusi izan diren arren, “orain zubi berriak eraikitzea lortzen” ari direla.  “Oinarrizko hainbat aspektutan ikuspegi ezberdinak baditugu ere, beste hainbatetan ariketa kolektiboei ateak zabaltzen asmatzen dihardugu eta ondorioak nabariak dira. Erabaki eta proiektu hobeak irteten dihardute azken garaiotan”.

Ildo beretik, “Udal Gobernuren gestio ekonomikoarekin desadostasuna” dutela eta izaten segitzen dutela gaineratu zuen, besteak beste, “Udala inbertsio berrietarako errekurtso gabe geratzen ari zelako”.

Onartutako proposamenak

Hala ere, horren ondoren, irakurketa positiboa egin zuen Larreategik, nabarmenduz, gai izan direla ados jartzeko: “Ariketa hori pendiente egon arren, ordea, hainbat proposamenetan ados jartzea lortu dugu (…) EHBilduk eginiko hainbat proposamen integratu dira hurrengo urteko lehentasunetan: Olaldeako azken pauso administratiboa bideratzea, “U”gaina estali eta bertan skate zona bat bideratzeko Diputazioko dirulaguntzetan proiektua aurkeztea, Sologoenen oinarrizko inbertsioak egitea, jubilatuen taberna zabaltzeko ahalegin berria egitea eta Baso Biziak elkartearekin elkarlana antolatzea. Aurrekontu eztabaida aurretik guk proposatu moduan 12-16 urteei begirako aisialdia berrantolatzeko bitartekoak ere jasota zeuden hasieratik. Onartu ez direnak aurrerantzean aztertzeko modukoak direla esan zaigu: negozio berrientzat zein lehengoentzat inbertsioak egiteko dirulaguntzak eta komun publiko berriak ipintzea.

Gai estrategikoetan korapiloak

Edozelan ere, Larrategik gaineratu du aurrekontuko lorpenekin ez direla “konformatzen”. “Hurrengo erronkak hainbat gai estrategikotan ditugun korapiloak askatzeak behar luke gure iritziz. Ez da erreza izango, hainbat talka ere aurreikus ditzakegu hurrengo hilabeteetan. Baina EH Bilduko zinegotziok gure ahalegin onenak egingo ditugu bide berriak eraikitzen jarraitzeko”.

 

Erlazionatuak

Irakurketa orokorra

EH Bildu 2020 abe 23 Politika

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.