Irakurketa orokorra

EH Bildu 2020ko abe. 23a, 18:49

Urte gogorra izan da aurtengoa eta 2021a ere bide beretik dator. Egoera larri honi ahalik eta erantzun egokiena emateko udaletxeko dinamika politikoa aldatzea ezinbestekoa zela iruditzen zitzaigun EHBilduko zinegotzioi. Horregatik ahalegin berezia egiten dihardugu norabide honetan azken hilabeteetan.

Hauteskunde osteko paktoen ondorioz gotortutako jarrerak izan dira nagusi azken urteetan eta Udal Gobernua vs EHBildu ekuazioa indartuegi egon da. 

Azken hilabeteetan dinamika aldaketa bidean zubi berri batzuk eraikitzen hasi gara. Oinarrizko hainbat aspektutan ikuspegi ezberdinak baditugu ere beste hainbatetan ariketa kolektiboei ateak zabaltzen asmatzen dihardugu eta ondorioak nabariak dira. Erabaki eta proiektu hobeak irtetzen dihardute azken garaiotan. 

Aurrekontuak dira horren adibide nabari bat. Azken urteetan nahiko gordin plazaratu izan dugu gure desadostasuna udal gobernuaren gestio ekonomikoarekin. Iaz eskatu genuen gestio eredu hori berraztertu behar zela, udala inbertsio berrietarako errekurtso gabe geratzen ari zelako. Ariketa hori ez da guk nahiko genukeen terminoetan egin. Covid-ak eraginda gainera egoera ekonomikoa asko gaiztotu da eta aurtengo aurrekontuetan are nabariago geratu da udalak errekurtso falta daukala herriko premiei egoki erantzun ahal izateko. 

Ariketa hori pendiente egon arren ordea hainbat proposamenetan ados jartzea lortu dugu. Ikerrek argitu bezala EHBilduk eginiko hainbat proposamen onartu eta integratu dira hurrengo urteko lehenetasunetan (Olaldeako azken pauso administratiboa bideratzea, “U”gaina estali eta bertan skate zona bat bideratzeko diputazioko dirulaguntzetan proiektua aurkeztea, Sologoenen oinarrizko inbertsioak egitea, jubilatuen taberna zabaltzeko ahalegin berria egitea eta Baso Biziak elkartearekin elkarlana antolatzea. Aurrekontu eztabaida aurretik guk proposatu moduan 12-16 urteei begirako aisialdia berrantolatzeko bitartekoak ere jasota zeuden hasieratik). Onartu ez direnak aurrerantzean aztertzeko modukoak dirala esan zaigu (negozio berrientzat zein lehengoentzat inbertsioak egiteko dirulaguntzak eta komun publiko berriak ipintzea alegia). 

Hitz egitearen ondorioz, adostasunak bilatzen ahalegintzearen ondorioz Soraluzeko herriarentzat aurrekontu hobeak ditugu esku artean. 

Baina ez gara konformatzen. Hurrengo erronkak hainbat gai estrategikotan ditugun korapiloak askatzeak behar luke gure iritziz. Ez da erreza izango, hainbat talka ere sortuko dira hurrengo hilabeteetan. Baina EHbilduko zinegotziok gure ahalegin onenak egingo ditugu bide berriak eraikitzen jarraitzeko.