Hasi dira obrak eskolan eta institutuan

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 14a, 11:47

Atzo, astelehena, hasi zituzten Plaentxi Eskolako zein Institutuko obrak. Herri eskolari dagokionez, dagoeneko hasi dira eskailera pikatzen eta inguru guztia itxita dute. Institutuari dagokionez, berriz, gaur, obrarako “kanpalekua” muntatzen ari dira.

Datozen hilabeteotan, obra esanguratsuak egingo dituzte herriko bi ikastetxeetan. Atzo, dagoeneko hasi ziren lanean Plaentxi Herri Eskolan. Bertako patiora doan eskailera (eskolako sarbide nagusia ikasle askorentzat) bota eta berria ipiniko dute. Gaur pikatze-lanak egiten ari dira eta inguru guztia -igogailutik eskolaraino tartea eta Estazioko eskaileratik eskolarainokoa- hesituta dute, itxita.

Estalitako frontoia itxita

Institutuko obrari dagokienez, berriz, hura handiagoa izango da, besteak beste, eraikinean igogailua jarri behar baitute, argindar sistema guztia berritu, ikastetxea osorik margotu eta gotiko frontoia estali. 

Obrak egingo dituen Echaide enpresako ordezkariek esandakoaren arabera, atzo ingurua ikuskatzera etorri ondoren, gaur, obrarako kanpalekua muntatzen ari dira. Besteak beste, Santa Ana kaleko eskailera ondoan langileendako kaseta ipiniko dute. Horrekin batera, gaur bertan hesituko dute estalitako frontoia eta datozen hilabeteotan ezin izango da erabili. Datozen egunotan, berriz, obrak egiteko egokitzapen lan gehiago egingo dituzte.