Astelehenean hasiko dira eskolako obrak

Erredakzioa 2020ko uzt. 11a, 09:12
Eskolako eskailera konpontzeko makinak ipini dituzte eskola kanpoan dagoeneko.

Astelehenean, uztailaren 13an, Plaentxi Herri Ikastetxeko eskailera zaharberritzeko obrak hasiko dituzte. Eskolarako patiorako eskailerak pikatu eta haien lekuan berriak ipiniko dituzte, oraingoak baino malda txikiagoa dutenak, irisgarriagoak. Baranda ere ipiniko dute. Aurreikuspena da lanak hiru hilabetean bukatzea.

Construcciones Echaidek egingo ditu Plaentxi Herri Eskolako eskailera zaharberritzeko obrak. Astelehenean hasi eta irailaren amaieran bukatzea dute aurreikusita. Lanen kostua izango da 58.304 (BEZ barne), kopuru horretatik 41.000 euro Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak emango ditu, laguntza modura.

Lanen helburua da ikasle askorendako eskolarako sarbide nagusi diren eskailerak irisgarriago bilakatzea. Hori lortzeko, besteak beste, oraingo eskaileren azken zatiko malda gutxitu egingo dute, eta malda txikiagoa duten eskailerak ipiniko dituzte. Horrekin batera, baranda ere ipiniko dute.

Esparrua itxita

Obrak egin ahal izateko itxi egingo dute esparrua. Batetik, kanposantutik eskolarainoko zatia; eta bestetik, Estazioko parkeko eskaileretatik igota, eskumarainoko -eskolarako- zatia, Eguneko Zentrorako bidea zabalik egongo da.