Datorren astean hasiko dira Institutua zaharberritzeko obrak

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 9a, 13:04

Krokis hauetan ageri dira lanengatik institutuaren inguruan egingo dituzten egokitzapenak. Iturria: Soraluzeko Udala.

Soraluzeko Udalak iragarri duenez, astelehenean, uztailaren 13an hasiko dituzte Institutua zaharberritzeko lanak. Obra handia izango da, eta, beraz, ikasturte hasieran Institutua goitik behera berrantolatu beharko dute lanek irauten duten bitartean eskolak ematen jarraitu ahal izateko. Besteak beste, eskolak emateko bi modulu ezarriko dituzte eta inguruko espazioan hainbat egokitzapen ere egingo dituzte.  

Astelehenean, uztailaren 13an hasiko dira Soraluze BHI ikastetxea zaharberritzeko lanak. Obra handia egin behar dute, eraikina oso zaharkituta baitago. Hori horrela, igogailua ipiniko dute eraikinaren barruan, goiko frontoia estaliko dute, eraikineko ate eta leiho guztiak aldatu, lehenengo solairuko komunak berritu eta egokitu, argindar instalazioa aldatu, hainbat espazio berrantolatu, eraikinak dituen hezetasun arazoak konpondu, teilatua eta fatxada konpondu eta ikastetxearen barrualdea margotu egingo dute.

Lanak egiteko, guztira, 887.963 euroko inbertsioa egingo du Eusko Jaurlaritzak, erakunde hori da-eta Institutuaren eraikinaren jabea. Aurreikuspena da lau hilabetean bukatzea.

Bi modulu eskolak emateko

Hori horrela, obrek eraginda, Institutua berrantolatu egingo dute irailerako, ikasturtea hasten denerako. Edurne Burgoa zuzendariak esplikatu duenez, bi modulu ekarriko dituzte eta bertan hasiko dute ikasturtea hainbat ikaslek. Gainontzean, “ahal duten moduan” konponduko dira, COVID-19aren ondoriozko baldintzak ere errespetatu beharko baitituzte. “Baina obra egin egin behar denez, aurrera”, dio Burgoak.

Inguruko espazioa itxita

Bestalde, Soraluzeko Udalak iragarri duenez, obrak egin bitartean, inguruko hainbat espazio ez dira erabilgarri egongo eta aldaketak egin beharko dira beste batzuetan. (Udalak argitaratu duen artikulu osoa hemen klikatuta irakurgai).

 • Estalitako frontoirako sarbidea itxita egongo da.
 • Materialen joan-etorrirako, libratu egin beharko da frontoiko zabalgunearen zati handi bat eta, ondorioz, ezingo da eliza ondoan kotxerik aparkatu.
 • Elizako malda hasieran hormigoia botako da (obra ostean kentzekoa), malda-aldaketa egokitzeko, kamioiak pasa daitezen.
 • Santa Anatik institutura igotzen diren eskaileren oinean kokatuko dituzte langileentzako kaxetak. Plazatxoan ez direnez sartzen, bi aparkaleku ere beharko dira.

Hasiera batean, lanak joan den azaroan ziren hastekoak, baina azkenean hasiera epea atzeratu egin da ia urtebetez. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.