Institutua berritzeko lanak urte amaieran hasiko direla iragarri dute

Egoitz Unamuno 2019ko mar. 4a, 20:40
Udaleko eta Institutuko arduradunek eraikinaren egoeraren gaineko azalpenak eman zizkieten Jaurlaritzako ordezkariei.

Igogailua ipiniko dute eraikinaren barruan, eta goiko frontoia estaliko dute. Lanek, guztira, 887.963 eurotako inbertsioa izango dute eta iragarri dutenaren arabera, lanak urtearen amaiera aldera hasiko dira.  

Joan zen eguenean, Olatz Garamendi, Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuetarako Sailburuordea eta Polentzi Urkijo, Hezkuntza Saileko Azpiegitura, Baliabide eta Teknologiarako Zuzendaria izan ziren institutuan. Bertan, iragarri zuten lanak urtea amaitu baino lehen hasiko direla.

Garamendi eta Urkijo Institutuko eta Udaleko arduradunekin batu ziren eta elkarrekin proiektuaren nondik norakoak errepasatu eta zalantzak komentatu zituzten.

Zaharberritze lan ugari

Jaurlaritzako Hezkuntza sailak ia miloi bat euroko inbertsioa bideratuko du Institutuko eraikina berritu eta frontoia estaltzeko. Lan nagusiak ondorengoak izango dira: I¡igogailu bat instalatuko dute eraikin barruan irisgarritasuna errazteko, ate eta lehio guztiak aldatuko dituzte, komunak berritu eta egokitu eta argindarraren instalazioa aldatuko dute. Horrekin batera, berogailu berriak jarriko dituzte, hainbat espazio berrantolatu, hezetasun arazoari irtenbidea eman, teilatua eta fatxada konpondu, ikastetxearen barruko aldea margotu eta goiko frontoia estali egingo dute. Hain zuzen, Jaurlaritzako ordezkariek bertatik bertara ikusi ahal izan zuten goiko frontoiaren egoera tamalgarria. 

Azaroan hastekotan

Herriko ordezkariek lanak hasteko epearen inguruan galdetu zieten Jaurlaritzako ordezkariei eta hauek baieztatu zuten lanak hasi aurreko tramitazioa bost eta zortzi hilabete artekoa izango dela, eta, beraz, beranduenez, lanak azaroan hasiko direla. Hala ere, Garamendik zehaztu zuenez, “nahikoa positiboa da epe hori”.

Moduluak ezartzeko aukera

Institutuko arduradunek aurreikusitakoaren arabera, lanek dirauten bitartean, lau gela hustu beharko dituzte, eta, hargatik, Jaurlaritzako arduradunei proposatu zieten kanpokaldean moduluak jartzea, proiektuak gaur gaurkoz ez baitu halakorik jasotzen -izan ere, oraintsu arte, aurreikusita zegoena zen lanak udako oporretan hastea, eta, horri esker, eraikin barruko lanak ikasturtea abiatu aurretik amaitzea, eguneroko jardunean eragozpenik sortu barik-. Jaurlaritzako ordezkariek logikotzat jo zuten moduluen eskaera eta adierazi zuten ez zutela arazorik ikusten moduluak ezartzeko, aurrez teknikariekin aztertuta.  

Erlazionatuak