Pascual Churrucan 29 etxebizitza sozial eraikitzeko hitzarmena onartuta

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 3a, 12:31

Pascual Churrucaren orubearen etorkizunak eztabaida handia eragin zuen Udal Gobernuaren eta oposizioaren artean. Gobernukideek azpimarratu zuten “galdu-ezineko aukera” dela Jaurlaritzarekin adostu duten hitzarmena. EH Bilduk, berriz, mozioa aurkeztu zuen orubearen etorkizuna “adostasunean eta herritarrekin batera” erabakitzeko proposamena eginez. Bideoa: Egoitz Unamuno.

Pascual Churrucako orubea dela-eta, Iker Aldazabal alkateak gogora ekarri zuen Udal Gobernuaren “pelotazo urbanistikoari” esker lortu zela orube hura 404 euroan eskuratzea herriaren onerako. 

Olaldearako hamar urte

Jakinarazi zuen bi urtez ibili direla Eusko Jaurlaritzarekin atzo onartutako hitzarmena lantzen. Adierazi zuen 2006tik Jaurlaritzak Soraluzen ez duela garatu etxebizitza promoziorik, eta esplikatu zuen Pascual Churrucarako egitasmoak ez duela alboratzen Olaldearako plana, baina Pascual Churrucan etxebizitzak eraikitzea “eskuartean” duten “galdu-ezineko aukera” dela eta aldiz, Olaldean garatu nahi den plan bereziaren gestioek askoz ere denbora luzeagoa eta inbertsio handiagoa eskatzen dutela, “teknikarien” esanetan, hamar urte beharko lirateke hura garatzeko. 

Halaber, EH Bilduk proposatzen duen moduan, Pascual Churrucaren eraikina erabilera soziokulturaletara bideratzea ez du egingarri ikusten “epe ertain-luzera begira” ez baita izango hura garatzeko aukerarik, eta esan zuen gainbehera doan espazioa dela kontuan izanda, “duda barik, apustu egokia” iruditzen zaiola Jaurlaritzarekin adostutakoa. Gaineratu zuen kiroldegiaren handitzeak ere aseko dituela “zati handi batean” kultura ekipamenduarekin lotuta dauden beharrak. 

Jaurlaritzari galdetzeko eskaera

EH Bilduk, berriz, behin eta berriz azpimarratu zuen oraindik badagoela proiektua aztertzeko “denbora”, eta hori dela egin beharrekoa. “Hitzarmena zirriborroa da, auskalo etxeak noiz etorriko diren (…) Gauza asko egin ahal dira han, ez bakarrik kultura ekipamenduak; herritarrekin batera pentsatu behar da”, esan zuen Unai Larreategik.  

Oro har, Larreategik Olaldearen plan bereziaren alde egin zuen: “Ondo erabaki behar da gurera etorriko diren 3-4 milioiak zelan erabili. Oraindik badago denbora Jaurlaritzari galdetzeko ea prest egongo zen diru hori Olaldean inbertitzeko. Ez dezagun ezetz esan galdetzeke. Olaldea garatzea 10 milioi euro kostako bada eta Jaurlaritzak 3-4 milioi jartzen baditu, beste 6 milioi faltako dira”. 

Ana Maiztegi koaliziokideak adierazi zuen ez dakiela Jaurlaritzarena “erregalua” ez ote den. Eta euren ustez herrian beste lehentasun batzuk badaudela, adibidez, Txurrukenetik erdigunerako irisgarritasuna bermatzea. “Berriro ere ikuspegi estrategiko falta” egotzi zion Udal Gobernuari eta adierazi zuen herrian “ematen diren urratsak koherente” izan behar direla “bata bestearekin”. 

Eztabaidak luze jo zuen. Bideoan ikusgai osorik.